Musikari beteranoz osatutako Butch taldeak lehen lana kaleratu du
Rock klasikoa lantzen du taldeak, soinu akustikoarekin batez ere. 'Uno' diskoak bost abesti biltzen ditu. Irailean egin nahi dute aurkezpen kontzertua, eta Gabonetarako biniloa grabatu
Legazpin sortutako musika ozenago entzuten da azken asteotan, dagoeneko oparoa den eskaintzari Butch taldeak atera duen Uno diskoa gehitu zaionetik. Bost abestiz osatuta eta rock klasikoa oinarri hartuta, Uno salgai dago bost euroren truke herriko hainbat tokitan, eta laster Oñatin ere erosi ahal izango da. Entzun, berriz, plataforma digitaletan entzun daiteke, eta uda ondoren, baita zuzenean ere, taldeak kontzertu bat egiteko asmoa daukalako iraila inguruan.
Alain Narbona eta Gaizka Ormazabal musikari beteranoak dira Butch taldearen arimak, baina proiektua aurrera eramateko musikari beterano eta aditu gehiagoz inguratu dira: Iñaki Ormazabal bateriarekin, Noel Calvo saxofoiarekin, Iñigo Caballero gitarrarekin, Ander Martinez teklatuarekin eta Iñaki Gurrutxaga teknikari lanekin. Guztiak oso ezagunak dira Legaz- piko musika munduan.
Alainek gitarra eta ahotsa jartzen ditu, eta Gaizkak kontrabaxua. Biak nahiko dira Butch taldearen oinarrizko bertsioa gauzateko. Besteekin, banda edo talde kutsua hartzen dute.
Rock klasikoa, akustikoa
Uno (Bat) izena eman diote lehen diskoari: lehen lana delako gero Dos (Bi), Tres (Hiru…) etorri daitezke, eta talde desberdinetatik datozen musikariek ‘bat’ egin dutelako proiektuan. Vancouver taldetik datoz biak, John Dealer & The Coconuts taldekoak dira Ormazabal, Caballero eta Calvo, eta One Way-koa Martinez.
«Subeltzako lokaletan sortutako taldea da Butch», azaldu du Alainek, «bakoitza gure entsaioetara etortzen ginenean elkartzen ginen… Gaizka eta biok gurean ari ginela, besteak sartu eta gure musika jotzen hasten ziren». Butch taldearen musikak, nonbait, badu erakargarritasunik. Gaizkak dioenez, aditu bati eman zioten entzutera diskoa, eta «rock klasikoa dela esan zigun, folk-rock klasikoa, soinu akustikoan oinarritutakoa».
Uno lanak 5 abesti ditu, Alainek idatzitakoak guztiak, gaztelaniaz, «erosoago sentitzen gara erdaraz abestuta, baina ez dugu baztertzen euskaraz ere hastea». Egunerokoan oinarritutako hitzak dira batez ere, eta hausnarketa kutsua dute, «kapitalismoak markatutako bidearen ingurukoa, autokritika pixka bat».
Biniloa, Gabonetarako
Taldea osatu zenetik bi urte igaro dira, eta pandemia hasi aurretik egin zuten agerraldi publikoa, 2019ko Subeltza egunean jo zuten Nafarroa kalean, gero Gaztetxean, eta Acedoko kanpinean ere bai (Nafarroa).
Emanaldi bereziago bat ere egina da Butch, iazko irailean Pirinioetako mendi punta batean, Tena bailaran. Hara abiatu ziren Alain eta Gaizka, gitarra eta kontrabaxua hartuta, eta haiekin joan zen Mikel Bravok dokumentatu zuen mendi aterpe batean egindako saio akustikoa. Youtuben dago ikusgai bideoa. Duela gutxi Oñatiko Belar mendian ere izan dira, lagunen artean musika jotzen.
Aurrera begira, disko hau Latxartegi aretoan aurkezteko proiektuaz gain, «binilo bat grabatzeko ilusioa dugu». Bat laneeko bost abestiak eta dagoeneko landuta dituzten beste abesti batzuk jasoko dituzte bertan.