Saez de Egilaz aske gelditu da
Duela minutu batzuk atera da Intxaurrondoko kuarteletik. «Terrorismoaren goratze» eta «biktimen umiliazio» delituak egozten dizkiote presoei harrerak antolatzeagatik, El Mundoren arabera
Carlos Kai Saez de Egilaz aske gelditu da. 13:30 aldera irten da Intxaurrondoko (Donostia) kuarteletik. Bost bat ordu igaro ditu atxikita, goizaldean atxilotu baitute Beasainen. Presoen harrera ekitaldiak antolatzeagatik «terrorismoaren goratze» eta «biktimen umiliazio» delituak egozten dizkiote, hainbat iturriren arabera. Felipe San Epifanio ere atxilotu dute gaur, Bilbon.
Atxiloketa Espainiako Auzitegi Nazionalaren 6. instrukzio epaitegiak agindu du. Iturrien arabera operazio hau 2020ko urtarrilean Antton Lopez Ruiz, Oihana San Vicente, Haimar Altuna eta Oihana Garmendiaren atxiloketak ekarri zituen operazio beraren parte izango litzateke. Kabat izeneko polizia operazio horren harira, Espainiako Barne Ministerioak aipatu zuen atxilotuei “terrorismoari gorazarre” egitea eta “biktimak umilatzea” leporatu zietea, 2016 eta 2019 urte bitartean egindago ia ehun harrera antolatzeagatik. Guztiak ordu batzuetara aske utzi zituzten orduan ere.
Saez de Egilaz Sortuko Euskal Presoen Batzordeko kidea da. “Espainiar Estatuko estolderiak askapen prozesua baldintzatzeko ahaleginean jarraitzen du”, salatu du Sortuk. “Baina ez gaituzte gelditu”. EH Bilduk, berriz, “askatasunean eta berdintasunean oinarritutako preso politikorik gabeko etorkizuna eraikitzen jarraitzea oztopatu” nahi dutela akusatu du. Sarek atxiloketak “lekuz kanpo” daudela esan du, presoei harrera egitea ez dela delitua azpimarratu du.
Beasaingo EH Bilduk ere “ozen” salatu du gertatutakoa. “Gure herria bakea eraikitzen beharko lukeen honetan, Estatu espainolak erremedio zaharra jartzen du mahai gainean, berriz ere: aski ezaguna dugun errepresioa”, diote. Zubimuzu plazan elkarretaratzea egingo dute 19:00etan.