Urmuga, uztailaren 19an Zegaman
Orkatz eta Orkatz Txiki abesbatzek, Gorka Urbizuk, Nerea Urbizuk, Mattin Lerissak eta Et Incarnatus Orkestrak kontzertua emango dute. Herritarrak deitu dituzte antolakuntzan parte hartzera.
Urmuga Zegamara iritsiko da uztailaren 19an. Egun hartan kontzertua emango dute Anduetza parkean, Aizkorri Aratz parke naturaleko atarian, 18:00etan, Zegamako Orkatz eta Orkatz Txiki abesbatzek, Gorka Urbizuk, Nerea Urbizuk, Mattin Lerissak, Et Incarnatus Orkestrak. Atzo iluntzean aurkeztu zuten ekimena Anduetzan, Tomas Lasa Orkatzeko kideak, Osane Leitza Orkatzeko zuzendariak eta Miguel Zeberio Urmugako eta Et Incarnatus orkestrako zuzendariak.
Urmuga Zeberiok berak eta Felipe Uriarte mendizaleak jarri zuten martxan iaz. Mendia eta musika uztartzen ditu egitasmoak, eta Zeberiok azaldu bezala “Euskal Herria mendebaldetik ekialdera zeharkatzen duen haria” da: “Lotzea da gure asmoa, ekialdea mendebaldearekin eta iparra hegoarekin”. Zegamara proposamena iritsi zenean gogotsu heldu zioten: “Nola ez baiezkoa eman genuen, Urmuga proiektu ederra delako. Ekimen honek mendizaletasuna eta musika uztartzeaz gain, esperientzia berri bat bizitzeko aukera ematen digu, bai musikarioi eta baita entzuleei ere, sentituz gozatuz eta konpartituz”, adierazi du Leitzak.
Auzolanean eramango dute aurrera Urmuga eta, hortaz, herritarrak deitu dituzte prestaketa eta antolakuntza lanetan laguntzera. Sarrerak eskuragarri daude dagoeneko, Urmuga.eus webgunean, 20 eurotan helduentzat eta doan 12 urtetik beherakoentzat.