Ahaztutakoak gogoan izateko
Uztailaren 15era arte ’30 emakume ahaztezin’ erakusketa egongo da ikusgai Zegamako Anduetza parketxean. Nahi duen orok bere ekarpena egin dezake erakusketa osatzeko.

Ahaztutako emakumeak gogora ekartzea. Horixe da 30 emakume ahaztezin erakusketaren xede nagusia, baina ez bakarra. Erakusketan bildu dituzten emakumeez gain, beste hainbesteren ekarpenak eta istorioak ere bildu nahi dituzte. Horretarako, herritarren parte hartzea izango da giltzarria. Nahi duen orok egin dezake bere ekarpena erakusketa aretoan bertan edo sare sozialetan #emakume-ahaztezinak traola erabilita.
Bilboko Euskal Museotik eta Bergarako Laboratorium museotik pasatu eta gero, Zegamako Anduetza parketxean dago ikusgai erakusketa, uztailaren 15era arte —ekainaren 11n inauguratu zuten—. Erakusketa ibiltaria da, eta beste hainbat herritatik ere igaroko da gero. Emakunderen 30. urteurrenaren harira sortu zuten egitasmoa, eta Elena Ciordia artistak 30 emakume horien inguruan egindako akuarelak ditu oinarri. Liburua kaleratu zuten lehenengo, eta erakusketa jarri zuten gero.
Emakume guztiei omenaldia
“Luzaroan izan duten errekonozimendu faltak kasu askotan ikusezin bihurtu ditu emakumeak, gaur egungo mundua eraikitzen ekarpen handia egin duten arren”, esan du Izaskun Landaida Emakundeko zuzendariak. Erakusketak “emakume guztiak” omendu nahi dituela azaldu du, “bai hainbat diziplinatan nabarmendu zirenak, baita hain publikoak edo ikusgarriak izan ez diren beste hainbat lanetan aritu diren emakumeak ere”.
Joseba Izagirre Zegamako alkateak uste du berdintasunaren alorrean “pauso asko” eman direla, baina oraindik “asko” dagoela egiteko. “Argi dago balioan jarri beharra dagoela emakumea eta egin dituzten merituak jakinarazi behar direla”. Anduetza parketetxera bertara deituta har daiteke erakusketarako hitzordua; norbanakoentzat nahiz taldeentzat dago irekita erakusketa.
’30 emakume ahaztezin’
· Eulalia Abaitua. (Bilbo, 1853-1943). Lehen euskal emakume argazkilaria.
· Carmen Adarraga. (Hernani, 1921-2004). Espainiako saskibaloi selekzioko lehenengo kapitaina.
· Maurizia Aldeiturriaga. (Zeberio, Bizkaia, 1904-1988). Bertso inprobisatzailea eta pandero jotzailea.
· Joxepa Antoni Aranberri Xenpelar. (Errenteria, 1865-1943). Bertsolaria.
· Inocencia Arangoa. (Altza, Donostia, 1884-Madril, 1935). Margolaria.
· Benita Asas. (Donostia, 1873-Bilbo, 1968). Andereñoa eta feminista.
· Julene Azpeitia. (Zumaia, 1888-Bilbo, 1980). Irakaslea eta ohorezko euskaltzaina.
· Rita Barrenetxea. (Bilbo, 1757-Madril, 1795). Gaztelaniazko lehen euskal emakume dramagilea.
· Errose Bustintza. (Mañaria, Bizkaia, 1899-1953). Idazlea.
· Josefa Cruz. (Bilbo, 1821-Madril, 1866). Sopranoa.
· Francisca de Aculodi. (Donostia, XVII. mendea-Donostia, XVIII. mendea). Kazetaria.
· Ernestina de Champourcin. (Gasteiz, 1905-Madril, 1999). Poeta.
· Cecilia G. de Gilarte. (Tolosa, 1915-Tolosa, 1989). Idazlea, irakaslea eta gerra korrespontsala.
· Maria de Maeztu. (Gasteiz, 1881-Mar de Plata, Argentina, 1948). Pedagogoa.
· Katalina Eleizegi. (Donostia, 1889-Lizarra, Nafarroa, 1969). Euskal antzerki modernoaren ama.
· Angela Figuera. (Bilbo, 1902-Madril, 1984). Poeta.
· Menchu Gal. (Irun, 1918-Donostia, 2008). Margolaria.
· Maria Goiri. (Getxo, Bizkaia, 1873-Madril, 1954). Irakaslea, idazlea eta ikertzailea.
· Dolores Ibarruri. (Gallarta, Bizkaia, 1895-Madril, 1989). Alderdi Komunistako buruzagia.
· Lurdes Iriondo. (Donostia, 1937-Donostia, 2005). Abeslaria eta idazlea.
· Felisa Martin. (Donostia, 1898-Madril, 1979). Fisikaria eta meteorologoa.
· Bizenta Mogel. (Azkoitia, 1782-Bilbo, 1854). Idazlea.
· Maria Luisa Ozaita. (Barakaldo, Bizkaia, 1939-Madril, 2007). Piano eta klabelin jotzailea, musikologoa eta konpositorea.
· Politxene Trabadua. (Sondika, Bizkaia, 1912-Zeberio, Bizkaia, 2004). Pentsalaria, andereñoa eta aktibista abertzalea.
· Mari Jose Urruzola. (Irun, 1941-Bilbo, 2006). Pedagogoa, filosofoa eta idazlea.
· Julene Urzelai. (Azkoitia, 1912-Caracas, Venezuela, 1983). Emakume Abertzale Batzaren kidea eta Radio Euskadi irratiko esataria Caracastik.
· Maria Antonia Uzkudun. (Anoeta, 1927-Madril, 2008). Eliteko pilotaria, Anoetako txikita ezizenez ezaguna.
· Luz Zalduegi. (Mallabia, Bizkaia, 1914-Madril, 2003). Lehenengo emakume albaitari euskalduna.
· Elbira Zipitria. (Zumaia, 1906-Donostia, 1982). Andereñoa eta pedagogoa. Ikastolen sustatzailea.
· Joxepa Zubeldia. (Hernani, 1865-Hernani, 1947). Bertsolaria.