Lasterketa asteburua da Xabi Zurutuzarentzat
Moto piloto legazpiarrak Hawkers European Talent Cup txapelketako seigarren lasterketa du aurretik, Portugalgo Portimaon. Sailkapen orokorren bigarren postuan da.

Hawkers European Talent Cup moto txapelketak aurrera darrai, eta asteburu honetan laugarren jardunaldia izango da jokoan, Portugalgo Portimaon (Algarve). Xabi Zurutuza legazpiar gaztea han izango da, duela hiru aste Bartzelonan lortutako garaipenak bultzatuta. Zurutuzak egun batzuk daramazki Portugalgo zirkuituan, eta lehen entrenamenduei etekin handia atera die.
Legazpiarra bigarren postuan doa European Talent Cup txapelketako sailkapen nagusian, 69 punturekin. Lehena Hugo Millan da, 76 punturekin, eta hirugarrena Adrian Cruces, 61 punturekin. Hirurak taldekideak dira, Cuna de Campeones taldearekin lehiatzen dute.
Bihar entrenamendu eguna izango dute pilotoek, eta lasterketa igandean izango da, 12:00etan. Zuzenean jarraitu ahal izango da honako lotura honetan: https://raceresults.nu/.