Sorginak eta sorginkeriak, mitoa desmitifikatzen
Gorka Hermosa akordeoilaria eta Edurne Zabalo klarinete jotzailea ondoan zituela, Toti Martinez de Lezea idazleak euskal mitologiaz eta sorginez jardun zuen atzo Legazpiko Agirre-Etxeberri parkean eskainitako ikuskizunean

Euskal mitologian hain sustraituta dauden sorginak eta akelarreak hizpide hartuta, musika eta hitzak uztartzen dituen Sorginak eta sorginkeriak ikuskizuna eskaini zuten atzo iluntzean Legazpiko Agirre-Etxeberri parkean. Gorka Hermosa urretxuarraren akordeoiaren eta Edurne Zabalo legazpiarraren klarinetearen doinuek bat egin zuten Toti Martinez de Lezea idazlearen hitzekin sorginak zer ziren, eta batez ere zer ez ziren, azaltzeko, une batzuetan umorea tartekatuz.
Ikuskizunak ordu eta laurdeneko iraupena izan zuen, eta amaieran hiru artistek publikoaren txalo zaparrada jaso zuten. Edurne Zabalo legazpiarrak ikusleei eskerrak emateko baliatu zuen.
Sorginak eta sorginkeriak ikuskizuna Legazpiko Udalak antolatutako Uztakale kultur egitarauaren barruan kokatzen da.