Oiangun udarako prest
Gaur irekiko dute Oianguko Txiringitoa Osoa Cooking-eko Anne Otegik eta Vanesa Blazquezek. Taberna zerbitzuaz gain, aisialdi eskaintza oso zabala ere izango dute, natur eremua errespetatuz

Udako denboraldiari hasiera ofiziala gaur emango diote Ordizia inguruan. Izan ere, gaur zabalduko dute Oianguko Txiringitoa, beraz, gaurtik aurrera eta hurrengo hilabeteetan, taberna eta jatetxe zerbitzua izango dira bertan. Hori bakarrik ez, aisialdi eskaintza zabalak ere lagunduko dio. Bai Txiringitoan eta bai aisialdi eskaintzan, berritzaileak izango dira. Gainera, naturarekin errespetuan, eta 0 kilometroari, komunitateari edo bertakoari leku emanez lan egingo dute. Osoa Cooking dago proiektuaren atzean; Anne Otegi ordiziarra eta Vanessa Blazkez zumarragarra.
Txiringitoa egunero goizeko 11:00etatik 23:00etara egongo da zabalik, eta astearteetan izango dute deskantsu eguna. Otegi bera egongo da zerbitzuaren gidaritzan. Sukaldean eskarmentu handia duen pertsona da. Jatekoan,mimo handiz prestatu duen eskaintza ekarriko du, sukaldaritza osasuntsua eta orekatua lehenetsiz, eta bertako produktuei indarra emanez, eskualdeko ekoizleekin eta establezimenduekin egingo baitu lan. Egunero egongo da eguneko platera, eta horrez gain, zizka-mizkarako aukera zabala.
Aisialdia
Aisialdi eskaintza sekula baino oparoagoa izango da, eta honetan ere, oso kontuan izan dituzte hainbat gauza: Oiangu natur gune bat denez, ingurunearekin errespetagarriak diren ekintzak antolatu dituzte. Batetik yoga uztailaren 3an, abuztuaren 28an eta irailaren 28an. Egun osoko tailerrak izango dira, 10:00etan hasi eta 20:00ak arte luzatuko direnak. Izena ematea beharrezkoa da, 605 743 987 telefono zenbakian. Egun osoko tarifa 85 eurokoa izango da, eta egun erdia aukeratu daiteke. Bertan, pranayamak, asanak eta erlaxazioa, hamaiketakoa, psikologi yogikoa, menu orekatua, antar mouna ibilaldia, chakrar, kriyak, meditazio eta mantrak, yoga eta jolas kooperatiboak… landuko dira, besteak beste.
Belar meta jaialdia, uztailaren 10ean, izango da. Goizean zehar, Almitza sega elkarteko kideek belar meta egingo dute.
Eskaintza turistikoa D’Elikatuz zentroarekin elkarlanean egingo dute. Ordizian zehar bisita gidatuak egingo dituzte ondare kultural, arkitektoniko eta historikoa ezagutzeko.
Argazkilaritza tailerra
Argazkigintza ikastaroak ere egingo dituzte. Nagore Legarretak gidatuko ditu, eta adin guztietako pertsonentzat dago zuzenduta. Argazkilaritza tailerren kasuan, hiru data izango dira: uztailaren 31n, abuztuaren 25ean eta irailaren 25ean. Uztailaren 31koan, 10:30etatik 13:00etara argigrama lantegia egingo da. Inguruko hostoak eta material ezberdinak erabilita bat-bateko irudiak sortuko ditugu, argazki paper analogikoa, argia, errebelatzeko likidoak ezohiko moduan erabilita. Izena ematea beharrezkoa da, 665 728 061 telefonoan.
Landareen ilustrazioak
Aranzadi zientzia elkartearen laguntzarekin eta Raul Dominguez Pazoren eskutik, Landareak ilustratu natura ezagutzeko tailerra, helduei zuzenduta dago eta hain zuzen ere, marrazketa eta natura uztartuko ditu. Ez da beharrezkoa aurretik bi arlo horien ezagutzarik edukitzea.Uztailaren 10ean, abuztuaren 7an eta irailaren 11n egingo dituzte, 11:00etatik 14:00etara, Oiangu baserrian. (35 euroko prezioa, marrazteko materiala barne). Izena ematea bibe.me plataformaren bidez egin behar da.
Musika, Ekirock
Azkenik, musika ere ez da faltako. Ordiziarrockeko lagunekin elkarlanean abuztuan eta irailean zehar, Ekirock Oiangun izango da, hainbat kontzertu emateko, Ekirock eguzki kulturala ziklo berriaren barruan. Bestalde, Baserri Ta Rock jaialdia ere egingo dute irailaren 4an.
Antolatu dituzten ekintzen inguruko informazio zehatzagoa, datak iristean emango da. sarea sozialetako @oianguparkea perfilean ere, egunean-egunean emango dute ekintzen informazioa eta parte hartzeko egin beharrekoa.