Legazpiko musika ekoizpena bultzatzeko diru laguntza berriak
Diskoak grabatzeko udalak 2009tik ematen dituen laguntzak dira. Talde bakoitzak gehienez 1.000 euro jasoko ditu. Orain arte 13 taldek jaso dituzte, guztira 19 disko
Hamahirugarren urtez, herriko musika taldeei zuzendutako diru laguntzak kaleratu ditu Legazpiko Udalak, grabazioak egin ditzaten. Ekainaren amaieran argitaratu zituzten laguntzen oinarriak Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean, eta ordutik irekita dago eskaerak egiteko epea. Urriaren 31 da horretarako azken eguna.
Udaleko Haur, Nerabe eta Gazteen Zerbitzuak ematen dituen diru laguntzak dira, eta musikari legazpiarrei euren diskoa argitaratzeko laguntasuna ematea da helburua. Talde bakoitzak, gehienez, 1.000 euro jasoko ditu horretarako.
Diru laguntza horiek jaso nahi dituzten musikarien abestiek giza eskubideen aldarrikapen unibertsala errespetatu beharko dute. Laguntzak banatzeko orduan, lehentasuna izango dute lehen aldiz eskaera aurkezten dutenek, gazteek osatutako taldeek eta euskaraz sortutako grabazioek.
Hamabi urteko ibilbidea
Legazpiko Udalak ematen dituen diru laguntza horiek 12 urteko ibilbidea dute. 2009an hasi zen herriko musika ekoizpena bultzatzeko egitasmo horrekin, eta ordutik 2020ra arte, 16.501,00 euro banatu ditu Legazpiko musikarien artean.
Orain arte herriko 13 musika taldek jaso dituzte diru laguntzak, 19 lan grabatzeko. Era askotako musika mota lantzen duten taldeak dira, eta batzuri bi aldiz ere eman diete laguntza.
Laguntzak, urtez urte
2009. Elbereth.
2010. Hartu arte.
2011. Yerko Ortiz eta D-Pintxos.
2012. Doinua Musika Eskolako Big Band.
2013. Vancouver, Deaf Squad eta One Way Rock.
2014. D-Pintxos eta Alaitasuna Errondaila.
2015. Agurtzane eta Jon Elustondo.
2016. Iñaki Gurrutxaga.
2017. Elbereth, One Way Rock eta Alaitasuna Errondaila.
2018. The Nekrobabies eta John Dealer & the Coconuts
2019. Agurtzane eta Jon Elustondo.
2020. John Dealer & TheCoconuts.