XI. Herri lasterketa antolatu du Bealak taldeak, bi ibilbiderekin
Ohi baino lasterketa motzagoak izango dira: 11 kilometrokoa eta 5,5 kilometroko mistoa. Beasaindik ez dira aterako korrikalariak. 10:30ean hasiko da proba.
Covidak baldintzatutako segurtasun neurri guztiekin antolatu du Bealak taldeak igandeko XI. herri lasterketa; jatorriko data baina lau hilabete beranduago. Hala ere, korrikalariak lehiarako gogoz daude eta dagoeneko 200 korrikalari baino gehiago daude izena emanda. Larunbatean itxiko dute izen ematea, herrikrosa. eus webgunean; egunean bertan ezingo da izenik eman.
Ohi bezala, bi ibilbide prestatu dituzte: luzeena 11 kilometrokoa izango da (zirkuituari bi itzuli) eta motzena, mistoa, 5,5 kilometrokoa, itzuli bat. Ibilbide luzekoak 10:30ean abiatuko dira Loinazko San Martin plaza azpitik eta bost minutu beranduago laburrekoak. Korrikalari guztiak batera aterako dira, maskara jantzita; Erauskin plaza inguruan kendu eta zaborretara botatzeko aukera izango dute.
Aurten, ohi baino 1,5 kilometro laburragoko ibilbidea prestatu dute: plazatik atera eta kiroldegiraino bidegorritik joan, gaztetxean buelta hartu eta Trenbide kaletik Ordiziako mugaraino joango dira korrikalariak, han buelta hartu eta plazaraino iristeko. Korrikalariak iritsi ahala banatuko dituzte sariak.