Amiantoaren eraginez hildako langile baten familiak 152.761,04 euroko kalte ordaina eskatu die Patricio Echeverria enpresaren ondorengoei
Familiari babesa erakusteko, elkarretaratzea egin dute gaur Donostiako epaitegien aurrean, Asviamie elkarteak deituta.
Asviamie elkarteak deituta, elkarretaratzea egin dute gaur eguerdian Donostiako epaitegien aurrean, amiantoaren eraginez hil zen Jose Antonio P.R.-ren familiari babesa erakusteko. Familiak 152.761,04 euro eskatzen dizkie CIE Legazpi, Patricio Echeverria korporazioari eta Sidenor Aceros Especiales enpresei, amiantoaren eraginen kontrako neurriak ez hartzeagatik mesotelioma bat garatu zuelako langileak eta haren ondorioz hil.
J.A.P.R. Patrizio Echeverria S.A.-ren fundizioan lan egin zuen 1977tik 2009ra garabilari gisa, eta gero Madrilgo Musashi Spain lantegira bidali zuten. Madrilgo ospitale batek diagnostikatu zion mesotelioma 2019ko abenduan, eta haren ondorioz hil zen 2020ko maiatzean, 60 urte zituela. Gerora, Gizarte Segurantzak laneko gaixotasunaren ondoriozko ezgaitasuna aitortu zion, eta haren alargunari laneko gaixotasunaren ondoriozko heriotzagatiko pentsioa zegokiola ebatzi zuen.
Familiak heriotzaren erruduntzat jotzen du enpresa, zuzenean amiantoa arnasten zuen lekuan lan egin arren ez zituelako beharrezko babes neurriak ezarri, eta orain 152.761,04 euroko kalte ordaina eskatu die Patrizio Echeverria S.A.-ren ondorengo enpresei, hau da, CIE Legazpi, Patricio Echeverria Korporazioari eta Sidenor Aceros Especiales-i.