Hika antzerki taldearen 'Tonbola', bihar Uztakalen
Legazpiko kaleko kultur egitarauaren barruan, antzerkiaren txanda izango da. Haztegi ikastolako patioan egingo dute ikuskizuna.
Antzerkiaz gozatzeko proposamena ere egin du Uztakale kultur egitarauak aste honetarako. Bihar 19:00etan, Hika antzerki taldeak Tonbola lana antzeztuko du Haztegi ikastolako patioan (eguraldi txarrarekin emanaldia Azokan egingo dute). Sarrera dohainik da, baina aurrez eskuratu behar da Kultur Etxean.
Kale antzerkia da Tonbola, eta proiektu soziala eta inklusiboa, aniztasunaren aldeko alegatua egiten duelako. Europarra da, baina mugarik ez duen istorioa, aldi berean. Diziplina anitzak lantzen ditu, eta babel txiki bat ere bada, hizkuntza ugari erabiliz. Umorerik ere ez du falta, absurdoa eta gordina, eta festarako gonbitea luzatzen du.
Tonbola ikuskizunak tonbolero familia batek eta haren ahuntz atzerritarrak Europan bizirauteko egin beharrekoak kontatzen ditu. Denetarik zozkatzen dute: oliba bilketarako lan kontratuak, Danimarkarako familiak, ogi txigorgailua, maskarak, bizitza sexuala berpizteko audio liburuak, Made in Libia markako paterak eta, horrez gain, Eurovision jaialdian parte hartzeko bi gonbidapenen balioa duen urrezko txartela.
Agurtzane Intxaurragak zuzenduta, Miren Gojenolak, Iñigo Aranburuk, Jon Ander Alonsok, Eneko Gilek, Sandra Fernandez Agirrek eta Maryse Urrutyk egingo dute Tonbola.