Xakea, odolean daraman zerbait
Gipuzkoako 18 eta 16 urtez azpikoen mailako xake txapelketak irabazita, Markel Vesga gazteak Espainiakoekin du hitzordua datozen egunetan Granadan. Txikitan etxean ikusitakoari jarraituz landu du afizioa.
Xake jokalari gisa etorkizun oparoa duela erakutsi duen Markel Vesga Izetak (Legazpi, 2006) hitzordu garrantzitsuak ditu datozen egunetan Granadako Salobreña herrian. Han jokatuko dira Espainia mailako txapelketak, eta Gipuzkoako 16 eta 18 urtez azpikoen mailetako txapelak irabazita, hara joateko txartelak eskuratuta zituen.
Ez da Espainia mailan lehiatuko den lehen aldia, baina ilusio eta gogo handiz ekingo die bi txapelketa horiei. Maila handiko aurkariak izango ditu, batzuk gertuko lagunak gainera, eta erronka handia den arren, aurrera egiteko eta jokoa hobetzeko bidea hori dela badaki. 16 urtez azpikoen txapelketa hilaren 19tik 24ra jokatuko da, eta 18 urtez azpikoena, 26tik 31ra.
Aitarengatik jasotakoa
Markel Vesgak 6 urte besterik ez zituen jokatzen hasi zenean. Etxetik ezagutzen zuen xakea, aita Albertok ere jokatzen zuelako; 1980 eta 1990 hamarkadetan Santikutz klubean jokatu zuen, eta 2008an berriz ere lehiatzen hasi zen, klub beraren babesarekin.
Domingo Agirre ikastetxearen eskolaz kanpoko ikastaroetara eta klubeko klaseetara joaten hasi zen Markel, eta herriko festetako txapelketetan parte hartzen hasi zen. 11 urte bete zituenean, Santikutz klubarekin federatu eta Gipuzkoa mailan le- hiatzen hasi zen. Urte betera, kimu mailako Espainiako txapelketa jokatu zuen, eta hurrengo bi urteetan, 2019an eta 2020an, haurren mailetakoak. Iaz, Santikutz taldeko burua izan zen Gipuzkoako txapelketan, eta bere lana erabakiorra izan zen legazpiarrak Lehen Mailatik Preferente Mailara igotzeko.
Pandemia, mesedegarri
Askori kaltea besterik eragin ez dien pandemia mesedegarri gertatu zaio Markeli. Entrenamenduak areagotu, eta bere jokoa gehiago lantzeko baliatu zuen itxialdia xake jokalari legazpiarrak. Pandemiaren eraginez, geroz eta gehiago erabiltzen da Internet ikastaroak eta torneoak egiteko, eta horrez gain, egiten diren txapelketak ere on line erretransmititzen dira, xakearekiko zaletasuna zabalduz.
Aurreko denboraldietan maila altua erakutsi badu ere, 2021a da Markelek xake jokalari gisa dituen dohaiei etekin handiena atera dien urtea.
Hala, jokoa hobetzeaz gain, emaitza onak ere lortu ditu, hainbat txapelketa irabaziz. Apirilean eta maiatzean, Euskadiko txapelketak irabazi zituen 18 urtez eta 16 urtez azpikoen mailetan; ekainean Bizkaiko txapeldunorde absolutua izan zen 5 minutuko partida azkarretan; eta uztailean Gipuzkoako txapela irabazi du 15 minutuko partiden torneoan. Horrez gain, taldekako Euskal Ligan jokatu du Abadiñoko (Bizkaia) klubarekin, eta Euskadiko selekzioko jokalari nagusia izan da Espainiako erkidegoen txapelketan.