Baratzeak beroa behar du, feriak jendearen berotasuna
Udako erritmoa hartu du azokak. Opor garaian gerta ohi denez, beranduago etortzen da jendea feriara eta haurrekin ere bai asko. Sagar eta arana berriak, uztapikua atzoko fruitu berriak.
IIritsi orduko lehen hitzak «gaur ere eguraldi narratsa dugu ba eta ia egunak goitik behera hasi dira». 15 gradu eta lanbrotsu. Ez da uztailak eman dezakeen onena. Hainbat barazkik bero handiagoa behar dute heltzeko, hala nola tomateak. Aire librekoak gaitzak jotzeko arriskuan daude. Aldiz frutei dagokienez orain arte behintzat ondo hasi da denboraldia. Lehen sanjuan sagar gorria atzo postu dexentetan 2-2,5 euroan kiloa , baita kardinale sagarra ere (3,5€/k). Aranak ere ugaritu egin dira. Atzo lehen berdeak eta gorri handia Setxekoa esaten diogu guk» aipatu ziguten Idiazabalgo Kalbariokoek. Amaia Alkortak postua jartzeari orain dela 2 urte utzi bazion ere, haien frutak Arantxa Zurutuzak salgai ditu. Uztapikua ere nobedade izan zen Itsasoko M. Jesus Oriak (4€/k).
Barazkietan berriz lehen leka borobila M.Jesus Oriak (5€/K), lehen eskarola Miren Jauregik ekarri zuen, «bilduta eduki ditut eta kontu askorekin zainduak gora egin ez dezaten». 1,2€/bakoitza salgai. Goiztiarrak oso, izan ere neguan ondo etortzen den barazkia baita. Caparrosoko ekoizleen postuan lehen potimarron kuia salgai (2,5€/k).
«Galdu egin da ohitura hau, baina guk betitik entzun dugu». Arantxa Iparragirre Montesenekoak aipatu digu, garai honetan aldatzen den hemengo betiko aza kixkurrari hala esaten zitzaiola. Uztailaren 16a Karmengo Amabirjinaren eguna eta hauxe da garai aproposa aza mota hori aldatzeko. Gaur egun erreferentzi hori ia galdu bada ere, garai egokia da aza mota hori ez ezik brokoli, bruselaza, azalora eta gisa honetakoak landatzeko (0,15-0,20 euro artean bakoitza salgai). Kukulu gorria ere hasi da (1,5€/dozena) eta errefautxo landarea ere bai. Gehienek errefautxoa erein ohi dute baina inork landarea erneta erosi nahiko balu euroan dozena Montesenekoen postuan du.
Gibelurdin ugari
Gutxitan ikusi ohi diren bezalako gibelurdin ederrak eta kilo asko atzo aukeran, 65k, 14-25€ artean. Garaiko lehen tripaki edo gamuza (15€/k) gutxi batzuk ere bai Axun Etxeberriak eta eskaintza osatzeko azkenak izan daitekeen udaberriko ziza (25€/k), 300k.onddo (14-24€) eta 50k. Zizahori (16-20€).