Erromesen babeslekua
Igartzako errota erromesentzako aterpetxea izango da datozen beste hamar urtez. Artolak erromesak Beasainen gelditzea garrantzitsua dela esan du
Beasaingo Udalak eta Iparraldeko Santiago Bideko Lagunen Fundazioak Igartzako Monumentu Multzoko errotako aterpetxea erabiltzeko hitzarmena berritu zuten aurreko astean. Akordioak hamar urteko iraupena du.
Espazioaren jabetza udalarena izaten jarraituko du. Baina Santiago bideko lagunen fundazioak ustiatuko du lehen solairua eta ganbara, erromesek atseden har dezaten. Leire Artola alkateak hitzarmena sinatzera- koan Beasain erromesen geraleku izatearen garrantzia azpimarratu zuen. «Beasain ezagutu eta ezagutzera emateko aukera izan dute», esan zuen. Beasaingo ondarea ezagutarazteko hitzarmena dela gaineratu zuen.
Fernando Imaz lagunarteko presidenteak ere Santiago Bideak turistikoki eta ekonomikoki eragiten dituen ekarpenak azpimarratu zituen. Aurten Jakuetar Urte Santua da eta erromesen joan-etorria handiagoa izatea espero da. Udan, bereziki. Datorren asteko igandean izango da Done Jakueren jaieguna, uztailaren 25ean.
Imazek, aukera baliatu zuen bideari lotuta lan egiten duten boluntarioen lana goraipatzeko.
Ongi hornituta
Imazek udalarentzat ere esker oneko hitzak izan zituen. «Oso ongi» hornituta dagoen azpiegitura dela nabarmendu zuen. Erromesek Beasaingo aterpetxeaz egiten duten balorazioa ere positiboa dela nabarmendu du Imazek.