Euskararen aldeko murala margotzeko crowfunding kanpaina abiarazi du Emaneurrek
Euskararen erabilera eta jatortasuna bultzatzeko, Lazkao Txiki eta haren esaera bat margotuko dute Ordiziako alde zaharrean. Diru ekarpenak egiteko sartu Emaneurreren webgunean
Ordiziako Emaneurre taldeak, Lazkao Txikiri eta euskarari eskainitako mural erraldoi bat egiteko crowfunding kanpaina abiarazi du. 4.500 euroko helburua jarri dute. Diru horrekin egingo dute murala Ordizian, eta dagoeneko ekarpenak egin daitezke emaneurre.eus atarian.
Emaneurre taldeak herrian kultur eta kirol ekimenak antolatzeaz gain, euskararekiko konpromiso handia erakutsi dute beti. Antolatu dituzten ekimen guztietan euskara ere oso kontutan izan dute, euskaraz antolatu dituzte ekimen guztiak; euskaraz bizi, sortu eta pentsatu dituzte. “Ez dugu irudikatzen euskararik gabeko Ordiziarik, ezta Euskal Herririk ere”.
Euskararen etorkizunak kezka sortzen die, bai erabilerak eta baita hizkuntzaren jatortasunak ere. Horregatik Lazkao Txiki eta haren esaera bat ekarri nahi dute: “Martxa honetan aurki erdaraz hitz egingo dugu, euskaraz ari garelakoan”. Esaldi hori, oso aproposa iruditu zaie Ordiziako kaleetan margotzeko. Lazkao Txiki eta bere esaera ardatz hartuko dituzte, Nextor eta Aitor Otaño grafitigileek, eta horiekin osatuko dute murala, Andre Maria kaleko 18. zenbakian, Ordiziako alde zaharrean.
Proiektua lagundu nahi duen orok, estekan sartuta diru ekarpena egin dezake.