Lazkaoko errekan zundaketak bukatu ditu foru aldundiak
Herriguneko presaren inguruan zundaketa arkeologikoak egin ditu Gipuzkoako Foru Aldundiak egunotan.
Agauntza errekan Lazkaoko kalearen parean dagoen zementuzko presaren inguruan zundaketa arkeologikoak egin ditu Gipuzkoako Foru Aldundiak, aste honetan. Presatik goraxeago erreka-hondoa altxatu dute, zuloak eginez, aztarna arkeologikoen bila. Hanka luzedun hondeamakina berezi bat astelehenean eta asteartean jardun zen.
Zundaketen helburua, antzinako presa-egitura edo ibaiko horma zaharrik badagoen ikuskatzea izan eta, eta Ingurumeneko eta Obra Hidraulikoetako Departamentuak burutu du, arkeologo baten gainbegiradarekin.
Aurkikuntzarik egin dutenik ez dute jakinarazi. Atzo eraman zuten hondeamakina.
Oztopoak kentzen
Hain justu, foru sail horrek martxoan aurkeztu zuen Gipuzkoako ibaietan iragazkortasuna hobetzeko plangintza. 2020-2035 epean, 228 oztopo arkitektoniko kenduko dituzte, 8,5 milioi euroko inbertsioarekin. 420 kilometro ibai «berreskuratzea» da asmoa. Lazkaon bertan, eliza parean hormatxo bat bota eta beste bat beheratu dituzte.