Sancti Spirituko erronka abiatuko da gaur, abuztuaren 15era bitartean
Zegama-Aizkorri mendi lasterketako zati hori azkarren betetzen dutenentzako sariak banatuko ditu Strava kirolarientzako plataforma digitalak. Ez da izenik eman behar
Zegama-Aizkorri mendi lasterketa martxan da uztailaren 1az geroztik. Irailaren 30era arte osatu ahal izango dute kirolariek proba ibilbidean bertan, Open Trail Races aplikazioa erabilita. Horren harira, gaur beste erronka bat jarriko dute abian Strava kirolarientzako plataformak eta Zegama-Aizkorriko antolakuntzak elkarlanean: Sancti Spirituko segmentuko erronka. Gaurtik abuztuaren 15era arte, Strava erabilita segmentu hori betetzeko aukera izango da eta azkarrenei sariak banatuko zaizkie.
Lasterketako zati bat den arren, ez da Zegama-Aizkorri proba osatu beharko Sancti Spirituko erronkan parte hartzeko. Zegama-Aizkorrirako inskripzioa behar da, eta 180 metroko erronka berrirako, aldiz, Strava aplikazioa erabili beharko da soilik. Parte hartzaile guztien artean produktu sorta bat zozkatuko dute, eta lehen hiru emakumeek eta lehen hiru gizonek Salomonen produktuak jasoko dituzte: bidaiatzeko maleta, Salomon Sense Ride 4 zapatilak eta korrika egiteko motxila.
Kirol sare ezaguna
Zegama-Aizkorri 2021 edizio berezia da osasun egoera dela eta. Egunean 50 dortsal daude eskuragarri maratoia osorik edo etapaka egiteko. Antolakuntzak esan du Stravak proposatutako erronkak emozioa gehituko diola aurtengo edizioari: «Kirol sarerik potenteenetarikoa da Strava eta erronka azaldu zigutenean zalantzarik gabe baiezkoa eman genuen», azaldu du Maialen Arizkorreta Zegama-Aizkorriko antolakuntzako kideak. Stravako antolatzaileen hitzetan, Zegamako mendi lasterketa «bakarra» da eta horri laguntza emateko jarri dute martxan erronka: «Lasterketa asko bezala, pandemia pairatzen ari da. Erronka kirolariek aurten ere Zegamako magiaz gozatu ahal izateko bide bat da».
Denborak partekatu
Trail korrikalari onenen markak eta haiekiko duten tartea ikusteko aukera izango dute parte hartzaileek Sancti Spirituko erronkan. Remi Bonnet 2018ko irabazleak minutu bat eta 41 segundoko marka du, Stian Angermund 2017ko txapeldunak minutu eta 49 segundokoa, eta 9 aldiz garaile izan den Killian Jornet-ek minutu eta 52 segundokoa. Emma Pooley-k bi minutu eta 4 segundotan osatu zuen segmentua, Sheila Aviles-ek bi minutu eta 26 segundotan, eta Gisela Carrion-ek bi minutu eta 32 segundotan.