Markesa Euskal Sagardoa aurkeztu du Zeraingo Oiharte sagardotegiak
Lau sagar mota ezberdinez egindakoa da eta iazko amaren gainean ondua izan da kupelean, botilaratu aurretik. Oiharten bertan edo online plataformetan eros daiteke
Zeraingo Oiharte sagardotegiak Euskal Sagardo berria aurkeztu du: Markesa sagardo ekologikoa, Oiharteko sagarrondoetako sagarrez egina. Lau sagar mota ezberdin erabili dituzte produktu berria egiteko, eta iazko amaren gainean ondu dute kupelean, botilaratu aurretik. 1984. urtean Segurako markesei erositako baserri eta lursailean dago Oiharte sagardotegia, eta horren harira jarri diote izen hori. Izaera handikoa eta oso orekatua dela azaldu dute adituek.
Oiharte sagardotegiko Haritz Egurenen arabera, sagardo «oso mamitsua» irten da, eta gustu guztietarako izan daiteke: «Sagardoa gustatu edo ez, Markesa bada produktu berezi bat». Urtebi Handia, Urtebi Txikia, Txalaka eta Gezamina sagarrez egindakoa da, eta horrek izaera eta konplexutasuna ematen dio. Produktu egokia da haragi eta arrainekin uztartzeko, edo gazta eta beste zenbait postrerekin uztartzeko. 10-12 bat gradutan kontsumitzea gomendatzen da.
Sagardo ekologikoa da, Oihartek bere sagastiak ekologikoan ekoizten baititu: «Iaz sagardo ekologikoa genuen, eta uzta berria etorri zenean sagardo zaharra botilaratu eta ama sagardo hondarra aprobetxatuz berria bertara bota eta hortik landutako produktua da», azaldu du Egurenek. Unai Agirre Euskal Sagardoa Jatorri Deituraren koordinatzaileak Oiharteren «kalitatezko sagardoaren eta dibertsifikazioaren» aldeko lana nabarmendu ditu: «Jatorri Deituratik hori bultzatzen dugu, bertako sagarra balioa eman eta ahalik eta kalitatezko produkturik onenak egitea, kontsumo modu ezberdinetarako produktu ezberdinak ateratzea». Sagardogintza urte luzez «ezkutatuta» egon ondoren, sektorearen atzean zer dagoen ikusarazteko esfortzua eskertu du. Markesa Euskal Sagardoarekin bere eskaintza zabaltzea lortu du Oihartek. Produkzio mugatua du sagardotegiak, baina berrikuntzari ateak zabaldu dizkio azken urteotan.
Biolina eta bertsoa
Atzo goizean izan zen aurkezpena, Oiharte sagardotegiko atarian. Arantzazu Mujika biolin joleak eta Aitor Mendiluze bertsolariak girotu zuten ekitaldia, eta Mikel Garaizabal Sumelierra eta sagardogintzako, ostalaritzako eta administrazioetako ordezkariak ere izan ziren bertan. Sagardoa.eus eta euskalsagardoa.eus webguneetan edo Oiharten bertan erosi daiteke Markesa.













