Aratz Cendon ordiziarra Espainiako txapeldunorde pisu jaurtiketan
Zuhatz Sukiak ere pisu jaurtiketa proban lehiatu da, eta estatu mailan bederatzigarren egin du. 3.000 metroko proban, Jon Naldaiz seigarren izan da.
16 urtez azpiko Espainiako atletismo txapelketa jokatu zen asteburuan Lleidan, eta Txindoki Atletismo Taldeko hiru atleta gazte izan ziren bertan. Pisu jaurtiketan, Aratz Cendon azpitxapeldun izan zen. 4 kiloko bola 15.77 metrora jaurti zuen ordiziarrak. Espainiako txapelketan parte hartzen duen hirugarren aldia da Cendonentzat: aurreko bi txapelketetan, abenduan Madrilen, eta martxoan Oviedon, urrezko domina bana lortu zuen.
Cendonekin batera, bere taldekide Zuhatz Sukia ataundarrak ere parte hartu zuen pisu jaurtiketako proban. Estatuko txapelketa batean debuta zen Sukiarentzat, eta 9. postuan geratu zen, 13.38 metroko markarekin.
Bestalde, 3.000 metroko proban ere izan zen Txindokiko partaidetza; Jon Naldaiz olaberritarra, 6. geratu zen, 9:18:71 egin zuen.