Beasain hasi da denboraldi berria prestatzen
2021/2022 denboraldiko lehen entrenamendua egin dute dagoeneko. Gordobilek 25 jokalari ditu; taldea itxita dago. 20. denboraldia da jarraian hirugarren mailan
Beasain Kirol Elkartearen lehen taldeak 2021/2022 denboraldiko lehen entrenamendua atzo egin zuen. Zazpi asteetako aurredenboraldia egingo dute. Ohi baino lehenago hasi dira jokalariek erabat deskonektatu ez dezaten, baina tartean opor egun batzuk ere izango dituzte, denboraldi hasierara bete betean iristeko.
25 jokalari izango ditu talde nagusiak. 21 lehen taldeko fitxarekin arituko dira eta 4 bigarren taldekoarekin. Itxuraldatuta dator taldea. Zortzi jokalarik utzi dute taldea eta zazpi iritsi dira; ezker hegalean dago aldea. Gainerakoan, etorri diren jokalariak joandakoen postu berekoak dira. Aritz Imaz kapitana da taldea utzi duenetako bat.
Unai Mendia kirol zuzendariak «oso ilusionatuta» ekin dio denboraldiari. Talde ona osatu dutela aipatu du, eta nahi zituzten jokalariak ekarri dituztela. Iazkoa hobetzea izago dela helburua aurreratu du. Igoera fasean sartzea lortu zuten pasa den denboraldian; aurten kanporaketetan aurrerago iritsi nahi dute. Denborak esango du ea helburu lorgarria den ala ez.
20. denboraldia 3. mailan
Beasainentzat 20. denboraldia izango da jarraian hirugarren mailan. Halere, Espainiako Futbol Federazioak egituraketa aldatu du eta bosgarren koska izango da, orain arte laugarrena zen arren. Liga uztaileko lehen asteburuan hasiko da eta maiatzeko lehen asteburuan amaitu. Maiatzaren 8tik aurrera igoera eta jaitsiera kanporaketak jokatuko dituzte.
Beasain laugarren multzoan dago kokatua, hego Euskal Herriko gainerako taldeekin: Alaves ‘B’, Amurrio, Anaitasuna, Ondarroako Aurrera, Barakaldo, Basconia, Beti Gazte, Durango, Deustu, Lagun Onak, Leioa, Pasaia, Portugalete, San Inazio, Santutxu, Tolosa, Urduliz, Uritarra eta Vitoria. Goierriko talde gorenena izango da.
2021/2022 DENBORALDIA· Altak. Mikel Orbegozo; BeñatEizagirre; Ximon Aranguren; Beñat Elkorobarrutia; Aitor Ituarte; Asier Sansinenea; Cristian Sanz.
· Bajak. Martin Artetxe; Joanes Begiristain; Iker Garmendia; Aritz Imaz; Altair Reyes; Ibai Urteaga; Jon Manuel.