Etxeberria lehengusuek garaipena berretsi dute
Oiangu Pilota Elkarteak antolatutako pala txapelketako finala jokatu dute asteburuan. Gaztetxoetan Harri eta Luken gailendu dira; kadeteetan Danel eta Aratz; eta nagusien finalean, Etxeberriatarrak.
Ordiziako Santa Ana festetan pala jaialdia antolatu ohi du Oiangu Pilota Elkarteak. Aurten herriko festarik ez, baina pala jaialdia bueltan da, iaz bertan behera geratu ostean. Larunbatean izan zen, Beti Alai pilotalekuan.
Taldeko gaztetxoen erakustaldiarekin hasi zen pala festa; denera lau bikote aritu ziren. Finaleko partidan garaipena Harri Goñi eta Luken Galparsorentzat izan zen, Gari Galparsorori eta Jon Lermari 20-13 gailendu ostean. Ondoren, kadete mailakoen partida jokatu zen, eta garaipena Danel eta Aratzentzat, 30-21 irabazi baitzuten Ibai eta Markelen kontra.
Jaialdiko partida nagusia, XVII. Pala Gomazko Txapelketa Herrikoiaren final handia, 19:00ak pasata hasi zen. Kamiseta gorriarekin, 2019 urteko tituluaren jabeak, Etxeberria lehengusuak; kamiseta urdinarekin berriz, azken orduko aldaketa bat medio, Egoitz Iztueta eta Asier Unanue. Hasiera batean Iñigo Aierberekin osatu behar zuen bikotea Iztuetak, baina Aierbe bajan dago eta, Unanuek ordezkatu zuen. Iztueta-Unanue bikoa, bost aldiz txapeldun izan da txapelketa honetan.
Nahiz eta pilotari federatuak ez izan, maila tekniko oso altua erakutsi zuten salbuespenik gabe. Partida erdirarte markagailua nahiko parean izan zen, baina erditik aurrera Etxeberriatarrak nagusitu ziren, 25-13 irabazi zuten.