Irai Errotan industrialdea egiteko obren hasiera akta sinatu dute
Industrialdeak 81.000 metro koadroko azalera du eta lanek 6 milioi euroko aurrekontua izango dute. Bi eremu izango ditu, Eztanda ibaiaren ertz banatan.
Irai Errota industrialdea sortzeko proiektuko obraren zuinketa eta hasiera akta sinatu dute Ormaiztegiko udaletxean. Irai Errota 19 sektorean aurreikusitako poligonoa sortzeko beharrezko lanak jasotzen ditu akordioak. 81.155 metro koadroko azalera dauka eta Ormaiztegiko Herrigunearen ekialdean dago kokatuta, Eztanda ibaiaren bi ertzetan, Beasain-Zumarraga GI-2632 errepide zaharraren, Irai Errota baserriaren eta Iberdrolaren azpiestazioaren artean. 6.024.635 eurokoa da aurrekontu orokorra eta Construcciones Moyua S.L. enpresari esleitu zaio lana. Sustatzailea Sprilur S.S. enpresa izan da. Bi eremutan antolatuko da gunea, eremu bakoitza Eztanda ibaiaren ertz batean: ezkerraldean partzela bakarra eta eskuinaldean, berriz, ‘industrialdea’ tipologiako pabilioi eremua. Azken horietako bi Ormaiztegiko Udalarenak izango dira. Poligono osoan zabalguneko plataformek 27.273 metro koadroko azalera izango dute.
2007an ekin zioten proiektuari, eta gorabehera eta arau aldaketak izan ondoren, 2017an onartu zuten Plan Partziala behin betiko. Aurtengo urtarrilean Urbanizazio Proiektua behin betiko onartu zuen Ormaiztegiko Udalak.
«Susperraldiaren» erronka
Jon Enrique Galarza Ormaiztegiko alkateak azaldu duenez, «aspalditik itxaron» duten proiektua da eta «susperraldiaren eta eraldaketa ekonomikoaren erronkei» aurre egitea izango du helburu. Industrialdearen bidez «Ormaiztegira gazteentzako lana eta ongizatea ekartzea» espero du udalak.













