Irizarrek eta Iberdrolak akordioa sinatu dute
Bi urteko akordioa da eta hiri garraioaren elektrifikaziorako eta energia berdearen hornidurarako proiektuetan egingo dute lan. I+G programak eta proiektu erakusleak ere landuko dituzte.
Irizarrek, Irizar e-mobilityk eta Iberdrolak hiri garraioaren elektrifikaziorako eta energia berdearen hornidurarako lankidetzarako akordioa sinatu dute. Hirietako autobus-floten elektrifikazioarekin, autobus baterien birziklatzearekin eta berrerabilpenarekin eta birkarga adimenduneko azpiegituraren hedapenarekin lotutako proiektuak egingo dituzte elkarrekin. I+G programak, proiektu erakusleak eta teknologia berrien garapena aztertuko dute.
Enpresek hedabideetara helarazitako ohar baten bidez azaldu dutenez, jarduerak bateratuko dituzte autobus garraioaren elektrifikazioan “berrikuntza teknologikoa lortzeko” eta hiri mugikortasunean “berehalako deskarbonizazio erronkei irtenbidea emateko”. Iberdrolak jatorrizko bermedun hornidura berriztagarria esleitu du Irizarren fabriketan autobusen bizitza zikloa deskarbonizatzeko. Bi urte iraungo du akordioak.