Lierni Azkargorta lazkaotarrak irabazi du Iruña Hiria poesia lehiaketa
Osasungintzako ikuspuntua eraman du olerkietara 'Eripoemia' sortarekin. Euskarazko atalean irabazi du Iruñeko olerki lehiaketa.
Lierni Azkargorta lazkaotarrarentzat izan da Iruña Hiria poesia lehiaketako lehenengo saria, euskarazko atalean. Eripoemia olerkiarekin lortu du irabaztea, 18 lanen artean. Erizaina da lanbidez, eta bere eguneroko lanaren ikuspuntua eraman du hitzetara. “Poema gehienak gaixotasuna, minari buruz dira, egia esan nahiko poema gogorra. Baina erizain baten ikuspuntua nahi nuen, eta osasungintzako terminoak jarri nahi izan ditut”, esan dio Azkargortak Euskalerria Irratiari.
Ospitaleetan ikusten dituzten “egoera gogorrak” eraman ditu olerkietara. “Barrutik eta konturatu gabe” idatzi ditu. Lehenbizi izenburua aukeratu zuen, eta ondoren idatzi zuen testua: “Eri– sektoreko aurrizkia, –poe– poesiari zuzendutakoa, eta –enia osasungintzako atzizkia eraldatuta, odolari erreferentzia egiteko erabiltzen dena. Idaztea “terapia gisa eta husteko” suertatzen zaio Azkargortari.
Pandemiaren gaia ere islatu du, olerki pare batean. “Ez naiz gehiegi sartu, bestela ere nahiko saturazio badugulako”. Bestetik, gizarteko beste hainbat gaixotasun eta miseria ere eraman ditu poesiara, pandemiak azaleratu dituenak.
Iruña Hiria lehiaketa Iruñeko Udalak eta Nafar Ateneoak antolatu dute, 15. aldiz. 482 lan aurkeztu dituzte, horietako 18 euskaraz (8 Gipuzkoatik). 3.000 euro jaso ditu lazkaotarrak saritzat. Iruñekoa baino lehenago, Azkargortak Lizarrako Maria de Maeztu literatur lehiaketan lau aldiz irabazia du, azkenak 2019an eta 2020an.