Ane Barandiaran eta Saioa Zeberio gimnastak brontzez, Espainiakoan
Tolosako taldean ari diren bi gimnasialari goierritarrek brontzeko domina lortu dute asteburuan, Valentzian jokatutako Espainiako taldekako gimnastika erritmikoko Kopan.
Ane Barandiaran eta Saioa Zeberio gimnasialari goierritarrek brontzeko domina lortu dute Espainiako taldekako gimnastika erritmikoko Kopan. Asteburuan Valentzian (Herrialde Katalanak) izan zen bigarren fasea, eta Tolosako klubeko taldeak hirugarren egin du.
Tolosaldeko taldean, Barandiaran lazkaotarrarekin eta Zeberio zaldibiarrarekin, Maite Iturriotz, Aroa Zugasti, Ahetze Olano eta June Bengoetxea aritu dira. Bi goierritarrak Ordiziako Majorin hasi ziren gimnastikan.
Asteburuko saioan, goizean izan zen Tolosako taldekoen txanda. Xingolarekin eta uztaiekin primeran moldatu ziren, eta hirugarren postua balio izan zien lanak.
Aurreneko postua Madrilgo Algete klubak lortu zuen, 17,400 punturekin. Bigarren Murtziako Cronos geratu zen (22,200), eta gipuzkoarrek brontzea lortu zuten (17,100). «Denboraldi gogor eta luze batentzat amaiera ezin hobea» izan dela aitortu dute taldekoek.