«Erronka nagusia, ahal dudan gorena iristea da»
Añorgan hasi zuen futbolean ibildibea Saioa Martinez de Olkozek (Ordizia, 1999). Realean, Alavesen eta Murtziako Alhaman jokatu du eta denboraldi berrirako Xixongo Real Sporting taldeak fitxatu du.
Duela egun gutxi jakin dugu Real Sporting taldearekin jokatuko duzula hurrengo denboraldian.
Bai, hala da! Oso pozik nago Real Sporting taldeak nigan konfidantza erakutsi duelako eta denboraldi berria haiekin batera lan egiteko gonbita luzatu didatelako. Alhama Club de Futbol-en egindako ibilbidearen ondoren, etxetik gertuago egon nahi nuen. Sportingen deia duela bi hilabete jaso nuen, eta aukera ona izan zitekeelakoan eta etxekoekin eta lagunekin hitz egin ondoren, pausoa eman nuen.
Alhama, Murtziako taldea izanik, hegoaldeko ligan jardun baituzu…
Andaluzian, Extremaduran, Valentzian,… Gustura egon arren gogoa nuen iparraldeko ligara bueltatzeko. Ordiziatik gertuago egongo naizenez, etxekoak eta lagunak gertuago izango ditut.
Zeintzuk dira datorren denboraldirako taldeak finkatu dituen erronkak?
Sporting bezalako taldeen filosofia jende gaztea futbolean haztea da, eta hain zuzen ere, jende gazteak osatzen du taldea, ikasteko gogoz dagoen jendea.
Eta zure erronka pertsonalak?
Taldearen filosofiaren lerro berean nagoela esango nuke; gauza berriak ikasteko gogotsu bainago. Erronka nagusia, ahal dudan goren iristea da, eta hori betetzen saiatuko naiz, nahiz eta badakidan ez dela erraza izango; jende berri asko gaude, errefortzu asko,… Pixkana-pixkana, baina urratsak eginez!
Orain arte bezala aukera guztiak aprobetxatuz…
Hori da! Momentu honetan, taldeari nire ekarpena egin nahi diot, bai kirol arloan, bai pertsonalki. Gehitu egin nahi dut, ahal dudan guztia eman.
Taldekideak ezagutzeko aukera izan duzu?
Baten bat lehendik ezagutzen nuen, aurreko denboraldietan haien kontra jokatu dudalako baina bestela ez, oraindik ez. Astelehenean hasiko dugu aurre denboraldia eta orduan ezagutuko ditut.
Astelehena iristeko gogoz egongo zara beraz…
Bai, eta etapa berri baten aurrean nagoenez, urduritasun pixka bat ere badut. Gauzak ondo joatea desio dut gehien, taldekideekin eta entrenatzailearekin ongi konpontzea, eta ahal dudan ondoen lan egitea.
Zein postutan arituko zara?
Hori lanean hastean entrenatzaileak zehaztuko du. Azken urteetan ezker hegalean jokatu dut eta egia esan oso gustura sentitzen naiz postu horretan, beraz, nire ideia da, postu horretan jarraitzea Sportingekin ere. Baina esandakoa, entrenatzaileak esango du.
Egutegia dela eta, nola dator?
Ba oraindik zozketa egiteko dago, beraz, oraindik pixka bat itxaron beharko dugu.