Jaurlaritzak murrizketa gehiago onartu ditu
Gaueko jardueren ordutegia 01:00era mugatzea, hiriguneetan musukoaren erabilera derrigortzea eta ostalaritza eta merkataritzako edukiera murriztea dira onartutako neurrietako batzuk
Bosgarren olatuak eragindako kasuen handitzeari aurre egiteko asmoz, Eusko Jaurlaritzak hainbat murrizketa jarri ditu indarrean, Iñigo Urkullu lehendakariak duela minutu gutxi jakinarazi duenez. LABI aholku batzordearen bilera bukatu berritan egin ditu adierazpen horiek.
Datuen eta eragin tasaren igoera izan ditu hizpide Urkulluk, batez ere 30 urtetik beherakoen artekoa. Ospitaleetan eta ZIU oheetan okupazio maila ere igotzen ari dela azaldu du. “Txertaketa txikia eta harreman sozial handia duten gizarte tarteetan transmisio handia” izaten ari dela baieztatu du.
Biziberri 4 planaren arabera, 2. fasetik 3.era pasa dira, eta honako neurriak onartuko dituzte dekretu berrian:
- Maskaren erabilera derrigorrezkoa izango da hiriguneetan. Ostalaritza establezimenduetan, barruan nahiz terrazan, derrigorrezkoa izango da erabilera, jan edo edaterako unean izan ezik. Kirol aktibitateetan, igerilekuetan eta hondartzan ez da beharrezkoa izango, tarteak mantendu daitezkeen bitartean.
- Aktibitate sozial, komertzial eta kultural guztiak 01:00etarako bukatu beharko dira.
- Ekitaldi sozial, kultural edo kirolekoetan, aforoa %35era murriztuko da.
- Gaueko mugikortasuna eta jende pilaketak ekiditeko deialdi berezia egiten da.
Dekretua bihar argitaratuko da Euskadiko Aldizkari Ofizialean, eta neurriak bihar bertan jarriko dira indarrean.
Indarrean dauden neurriak betetzeko deia egin du Urkulluk. “Uda hemen dago, baina birusak gure artean jarraitzen du eta oso hilkorra da. Txertoa oso larria da, baina txertoa hartuta ere, kutsatu gaitezke”. Hori dela eta, “beste ahalegin bat egitea ezinbestekoa” dela azaldu du, eta prebentzio neurriekin jarraitzeko eskatu die herritarrei.