Musti Taldea realzale elkarteak egoitza eta lehendakari berriak ditu
Zumarragako Urzubi taberna izango da hemendik aurrera taldearen egoitza. Iñaki Ruiz de Egilazek Gaizka Leteri pasa dio lekukoa. Ekitaldian Realako jokalari ohiek parte hartu dute
![](https://goierri.hitza.eus/site/files/2021/07/2021-07-22-p006_f01-1200x842.jpg)
Atzokoa egun handia izan zen Urretxuko eta Zumarragako Musti Taldea Realzale lagun-taldearentzat. Izan ere, atzotik egoitza eta lehendakari berriak dituzte. Egoitza Zumarragako Urzubi taberna da eta lehendakaria Gaizka Lete urretxuarra.
Egun luzea izan zen atzo Musti Taldekoentzat. Hasteko, urteko batzar nagusia egin zuten Zumarragako Zelai Arizti kultur etxean. Bertan, urteko balantzea egiteaz gain, lehendakari aldaketa egin zuten: Iñaki Ruiz de Egilazek, Leteri pasa zion lekukoa.
Ondoren, bazkideak egoitza berria inauguratzera joan ziren. Ekitaldian, lagun-taldeko kideez gain, hainbat gonbidatuk parte hartu zuten. Gonbidatuen artean Realako bi jokalari ohi egon ziren: Mitxel Loinaz eta Iñaki Alaba. Biak Musti Mujika zenaren taldekideak eta lagunak izan ziren.
Realaren harrobiko taldeetan jokatzen duten Urretxuko eta Zumarragako bost jokalariek ere parte hartu zuten: Jokin Gabilondo, Asier Teijeira, Telmo Etxeberria, Naier Ezkerra eta Imanol Ruiz de Illak. Musti Taldekoek oroigarri bana oparitu zieten Realeko jokalari ohiei eta harrobiko taldeko bost jokalariei.
Omenaldia
Ez ziren oroigarriak jaso zituzten bakarrak izan. Realeko lagun-taldeak Iban Azarola duatloiari eta realzale zumarragarra omendu zuten, Espainiako txapelketan lortutako garaipenagatik. Zumarragako ATA harategiko Juanjo Aranburuk ere oroigarri bat jaso zuen. Aranburu Musti Taldeko bazkidea eta aparteko laguntza eskaintzen dio lagun-taldeari.
Musti Taldeak Realeko nesken taldeko Elene Lete zumarragarra eta Ane Etxezarreta beasaindarra ere gonbidatu zituen, baina ezin izan ziren ekitaldira joan. Aukera izan bezain laster, berriro gonbidatuko dituzte.
Urretxuko eta Zumarragako Musti Taldea realzale lagun-taldeak 2003ko maiatzaren 21ean eman zituen lehen pausoak. Aurkezpen ekitaldia Zumarragako Kortaberri tabernan izan zen. Hura izan zen taldearen lehen egoitza. Bigarren egoitza Urretxuko Laket taberna izan zen.
Azken urte hauetan ez du egoitzarik izan: Zumarragako kultur etxean elkartzen dira, baina ekitaldiak batzokian egiten zituzten. «Nire semeak Urzubi taberna ireki du Iñaki Etxanizekin eta Diego Cuarterorekin eta taberna Musti Taldearen egoitza izatea proposatu nien. Baiezkoa eman zuten eta hemendik aurrera bertan antolatuko ditugu ekitaldiak. Tabernan Musti Taldearen argazkiak jarri ditugu eta partida egunetan telebista bat jarriko dugu kanpoan mundu guztiak partidak ikusi ahal ditzan», azaldu du Ruiz de Egilazek.