Astana, Movistar eta UAE Ordizia Klasikoan izango dira igandean
Ordiziako Klasikoaren 98. jardunaldian goren mailako 18 taldek parte hartuko dute. Jose Mitxelena txirrindulari ohi oiartzuarra omenduko dute
Ordizia prest dago, herriaren izen bera duen txirrindularitza proba enblematikoena hartzeko. Aurten bai, ohi bezala Santiago egunean, uztailaren 25ean jokatuko da Ordiziako Klasikoa, iaz urriaren 12an jokatu baitzen. Txapel Gorri txirrindularritza elkartea, probaren antolatzailea, azken egunotan egon litezkeen azken unekoak lotzen ari da, baina gaur, ostirala, Ordizia Klasikoaren 98. jardunaldia goren mailakoa izango dela aurreratu daiteke.
Igandean, 10:00etan puntuan abiatuko da lasterketa, Ordiziako Gudarien Etorbidetik, 18 taldek osatutako tropelarekin, tartean,World Tourreko hiru talde -Astana Premier Tech, Movistar Team eta UAE Team Emirates- eta ProTeameko zortzi izango dira, Rural Kutxa, Euskaltel Euskadi, Burgos BH, Kern Pharma taldea, Rally Cycling,…
Ordiziako Klasikoan faboritoen artean Astana taldeko Luis Leon Sanchez dago, Frantziako Tourrean etapa ugari irabazi dituena. Proba jokatzeko bi egunen faltan, etorkizun handia izan lezakeen txirrindulari oso gazte bat ere etorriko dela diote; UAE taldeko Juan Ayuso. 25 urtez azpiko Italiako Giroan erakustaldi bikaina egitetik dator.
Ibilbideari dagokionez, Ordiziako Klasikoak azken denboraldietako formula errepikatuko du, 165 kilometro pasatxoko ibilbidea osatu beharko dute txirrindulariek, eta bi zatitan banatzen da: batetik, Abaltzisketako igoerarekin 32 km-ko zirkuitu bati hiru bira emango dizkiote, eta, bestetik -bi itzulerekin-, Altzoko pasabidea gehituko da, lehen mendatera igo aurretik. Guztira zazpi kota puntuagarri igaroko dituzte, azkena helmugatik 10 kilometrora.
Omenaldiak
Lasterketa abiatu aurretik, 09:45ean, minutu bateko isilunea egingo dute, Antxon Zabalaren eta Migel Elorzaren oroimenez. Ordizia Klasikoari oso lotuta egin dute bizitza biek. Zabala, lasterketako medikuetako bat izan zen urte askoan eta Elorza, lasterketako nazioarteko komisarietako baten txoferra izan zen. Bestalde, Antton Barrutia eta Antonio Gomez del Moral, Ordiziako Klasikoaren 1963ko eta 1966ko irabazleak, hurrenez hurren. Amets Bideko dantzariek agurra dantzatuko dute lauen oroimenez.
Lasterketa amaitzean, Beti Alai pilotalekuan sari banaketa ekitaldia egingo dute, baina gainera, Jose Mitxelena txirrindulari ohi oiantzuarra omenduko dute. Mitxelenak 89 urte beteko ditu datorren azaroan, eta Ordiziako Klasikoa bitan irabazi zuen: 1953. eta 1957. urteetan. Omenaldia egin eta gero, aurtengo lasterketako irabazleei sariak banatuko dizkiete.