EH Bilduk «bizipoza itzuli» nahi dio Legazpiri agintaldia amaitzerako
Udaleko zinegotzi abertzaleek lehen bi urteetan oposiziotik egindako lanaren balorazioa kaleratu dute. «Elkarlana eta lankidetza giroan lan egitea zaila» dela diote
Legazpiko EH Bilduk agintaldiaren lehen erdian udalean oposiziotik egin duen lanaren balorazioa egin du. Bertan, Legazpiri «bizipoza itzuli» nahi diola zehaztu du.
Azken bi urteotan «udala sakontasunez ezagutu, udal langileekin egon, batzordeen eta lantaldeen funtzionamendua eta udaletxeko dinamika ezagutzeko aukera» izan dute zinegotziek, eta «udalgintza talde egonkor eta kohesionatu bat» sortu dute. Aldi berean Goierriko herrietako EH Bilduko beste taldeekin harremana dute, bereziki Urretxu-Zumarragakoarekin.
Taldearen «iparra» hauteskunde programan zehaztutakoa dela azpimarratuz, «herritarrei zerbitzu on bat emateko» eta oposizioa garatzeko zinegotzi bat partzialki liberatuta dutela ere gogoratu du EH Bilduk.
Harremanak
Taldearen hasierako helburuetako bat «herritarrekin harreman sare bat» sortzea izan da. Horren harira, auzoetan topaketak egin dituzte, eta Meaztiko eta etxez etxeko langile, ostalari eta merkatari eta sindikatuekin bildu dira, besteak beste. Gipuzkoako Batzar Nagusietako kideekin ere elkartu dira, Deskargako bidesariaren eta suhiltzaileen gaiak lantzeko.
Udaleko beste alderdiei dagokienez, «elkarlana eta lankidetza giroan lan egitea zaila» dela nabarmendu dute, eta gogoratu dute EAJk 2020ko ordenantzak EH Bildurekin adostu zituela, baina aurrekontuak PSE-EErekin, «eta hor etorri zen lehenengo haustura», gero ere mantendu dena COVID-19aren larrialdi egoeran: «Udal gobernu taldeak ez du gure lankidetza onartu eta bere kasa aritu da», salatu dute.
COVID-19aren krisia
COVID-19ari berriz ere helduz, iaz martxotik ekainera arte luzatu zen alarma egoeran, «krisiak herritarrengan izango zituen eragin eta ondorioak txikiagotzeko» hainbat proposamen egin zituztela ekarri dute gogora: «diru laguntza zuzenak zaintzarako, asteroko azoka egiteko protokoloak, kontsumo taldeak saskien banaketa egiteko eskaera, eta haurren artean arrakala digitala amaitzeko proposamenak».
Horrez gain, merkatari, ostalari, gremio eta bere negozioa itxi behar izan zutenekin harremanetan jarri ziren, haien egoera eta beharrak jasotzeko. Ondoren, «ekintza plan bat» proposatu zutela azaldu dute.
COVID-19aren ondoriozko «krisi sozial, ekonomiko eta ingurumenekoaren testuinguruan» kokatu ziren 2021erako aurrekontuak ere aipatu dituzte. «Aurrekontuen bidez osasun krisiari eta krisi sozioekonomikoari erantzun ahal izateko beharrak identifikatuz, lehentasunak ezarriz eta horiek asetzeko proposamena landuz» egin du diru kontuen lanketa EH Bilduk.
Etorkizunari begira
Amaitzeko, etorkizunari begira jarri da, eta taldearen proiektua babestu dutenak ardatz hartuta, proiektu hori aurrera ateratzeko lanean jarraituko dutela agindu du, «beste alderdiekin elkarlana egiten eta proposamen eraikitzaileekin». Legazpiarrentzat onuragarriak diren proiektuak bultzatuko dituztela diote, «baina gobernu taldearen kudeaketarekin zorrotzak izango gara».