Gorka, 23.; Ion, 79.
Gorka Izagirre izan da Tokioko Joku Olinpikoetako errepideko txirrindularitza probako euskal herritarrik onena. Are gehiago, Espainiako selekzioko aurrena izan da
Gorka Izagirrek 23. amaitu du Tokioko Joko Olinpikoetako gizonezkoen errepideko proba. Ion anaia 79.na izan da. Biak morrontza lanera joanak ziren, Alejandro Valverderen mesedetan; azkar galdu ditu garaipenerako aukerak, halere. Gorka izan da Espainiako selekzioko lehena, Richard Carapaz garailearengandik 6:20ra. Lehen euskal herritarra ere izan da, hortaz. Ionek 16:20ra amaitu du.
Probaren gogortasunari –234 km-ko distantzia eta 4.543 m-ko desnibel positiboa zuen– gaineratu behar zaio hasi aurreko orduetan izan duten ezjakintasuna: taldeko masajista batek positibo eman zuen atzo eta azken unera arte zalantzan izan da lehiatu ahalko ote zuten. Gorka Izagirrek Berriari aipatu dio gertatutakoak “erabat” baldintzatu dituela. Ionek ere ildo beretik hitz egin du.
Carapaz ekuadortarrak kolkoratu du urrea. Dozena bat txirrindulariko tropela osatu da lasterketa buruan 30 bat kilometroren faltan; hego Ameriketako txirrindulariak 24 kilometroren faltan jo du lehen erasoa; Brandon McNulty estatubatuarrak besterik ez dio jarraitu; ia minutu bateko errenta ere lortu dute, baina atzekoak aldea jaten ari ziren; sei kilometroren faltan, Carapazek berriz ere erritmoa bizitu du eta bakarrik joan da; minutu bateko aldearekin iritsi da helmugara. Wout Van Aert belgikarra eta Tadej Pogacar eslovakiarra izan dira bigarren eta hirugarren, hurrenez hurren.