Beasaingo ibaiak auzolanean garbituko dituzte
Igartzako Monumentu Multzoan elkartuko dira, 16:00etan. Ibaiak lehengoratzea da helburua
Oria, Estanda eta Agauntza ibiak auzolanean garbituko dituzte. Gaur hasiko dira lanean. Igartzako Monumentu Multzoan elkartuko dira, 16:00etan, eta Aranzadiko teknikariek herriko ibaiek jasotzen dituzten zaborraren inguruko sentsibilizazio hitzaldia eman ostean ibaira jaitsiko dira. Beasaingo Udalak Aranzadi Zientzia Elkartearen laguntzarekin antolatutako ekimena da.
Etzi landare inbaditzaileak erauziko dituzte, behin garbiketa lanak amaitutakoan. Izena eman behar da, asteazkeneko 08:00ak baino lehen. Antzizar kiroldegiaren inguruan elkartuko dira, 16:00etan; Ibaian beheraka paseoan joango dira Igartza Monumentu Multzoraino; bitartean Aranzadiko kideek azalpenak emango dituzte, ibaiko landarediaren inguruan.
Proiektua amaitzeko, behin garbiketa eta erauzketak eginda, lehentasuneko eremuak zehaztu eta ibarbasoko espezieak landatuko dira erreka eta ibai ertzetan: hurritza, haltza edo lizarra, besteak beste. Landaketa gunea Aranzadiko langileek egingo dute 2021eko udazkenean.
Ibaiak lehengoratzeko
Egitasmoak Beasaingo ibaiak lehengoratu nahi ditu. Udaletik azpimarratu dute beraientzat “herria txukun mantendu eta natur ondarea babestea” “ezinbestekoa” dela, “herritarren ongizatean eragin zuzena duelako”. “Ibaiko landarediaren mantenua bere gain hartzen du Udalak, baita garbitasunaren ardura ere. Honela ingurumena zaindu eta etorkizuneko Beasain eraiki eta babesteko konpromisoari eusten dio”, diote. Herritarrak ibai bazterretan pilatzen den zabor kopuruaz jakitun izatea ere nahi dute, zakarrik bota ez dezaten. “Gaur egungo ibar-basoaren kalitatea eskasa da”, aitortu dute.
Proiektuak Euskadiko Biodibertsitate estrategiarekin, Garapen Jasangarriaren Euskal Ingurumen Estrategiarekin eta Ingurumen Esparru Programarekin bat egiten du.