Legorretako Prodema enpresako langileek greba mugagabea hasi dute gaur
LAB sindikatuak esan du enpresaren zuzendaritzak ez dituela langileen aldarriak kontutan hartu, negoziaketa hasi zenetik urte eta erdi igaro dela eta zuzendaritzak jarrera aldatu arte luzatuko dela greba.
Legorretako Maderas Mejoradas Industrial (Prodema) enpresako langileek, lan hitzarmen berria lortzeko helburuarekin, greba mugagabea hasi dute gaur, LAB sindikatuak jakinarazi duenez.
Azken bi asteetan, 2 eta 4 orduko lanuzteak egin dituzte, baina langileen sindikatuak adierazi duenez, «enpresako zuzendaritzak ez ditu langileen aldarriak onartu», eta gogorarazi nahi izan dute, «negoziaketa hasi zenetik urte eta erdi igaro dela». Gauzak horrela, gaurtik aurrera, «zuzendaritzak bere jarrera aldatu arte, hitzarmen duina lortu arte, egunero 6 orduko greba» egingo dute langileek.