Aterpeek mendian duten balioaren aldarrikapena
Mendiko aterpeak eta aterpetxeak ardatz dituen liburua kaleratu du Txusma Perez Azazetak. Euskal Herriko 19 aterpe eta aterpetxe eta 27 ibilbide zerrendatu ditu
Txusma Perez Azazeta mendizale eta idazle legazpiarraren liburu berria kalean da, mendia ardatz hartuta oraingoan ere. Sua Edizioekin batera, Ascenciones desde refugios y albergues de montaña (Mendi aterpe eta aterpetxeetatik abiatutako igoerak) kaleratu du, udarako proposamenak eginez eta «mendizaleen munduan aterpeek duten paperari merezi duen balioa emateko aldarrikapena» zabalduz.
Perez Azazetak ibilbide luzea du mendiari buruzko argitalpenetan; oraingoan aterpeak eta aterpetxeak aukeratu ditu abiapuntutzat, Euskal Herrikoak. «Ez dira mendi-mendiko aterpeak bakarrik», azaldu du, Euskal Herrian horietako gutxi batzuk daudela erantsiz: Gorbeiakoa, Belagoakoa, Erloko Xoxote, Aiako Harrietako Arritxulo… «eta Urbiako fonda ere bai».
19 aterpe, 27 ibilbide
Liburua aterpetxeekin osatu du, eta horietatik abiatuz, ohi duen bezala 25-30 bitarteko proposamen eskaini ditu, «guztiak mendian gora joatekoak». Liburuaren oinarria aterpe eta aterpetxe horietatik abiatutako mendi igoerak dira, bat baino gehiago hainbat kasutan. «Aterpean edo aterpetxean lo egin eta bertatik ateratzea da proposatzen duguna, hau da, kanpamentu nagusia han ezartzea».
Baina aterpe eta aterpetxeetara nola iritsi ere zehazten du Perez Azazetak liburuan, «bakoitzaren argazkia, nork daraman, nola iristen den bertara, zein zerbitzu dituen, jatetxe zerbitzuen berri, prezioak, noiz dauden irekita eta noiz ez…».
Euskal Herriko mendiko 19 alojamendu zerrendatu ditu, bakoitzari datu horiekin guztiekin osatutako fitxa bat eskainiz, «baina 27 ibilaldi dira guztira, aterpe klasikoenetatik ibilaldi bat baino gehiago proposatzen ditugulako. Belagoako aterpetik, adibidez, hiru igoera egin ditugu, edo liburuaren azalean agertzen den Gorbeiakotik, beste bi».
Goierriko edo Goierritik gertuko aterpetxeak ere jaso ditu liburuan. Horietako bat, Urbiako fonda da. Beste bat, Urretxuko Santa Barbara aterpetxea da, eta handik Irimora igotzea proposatu du. «Oñatiko Soraluze landa hotela ere zerrendan dago, eta handik Araotz auzoko Aitzulora eta Orkatzategiko gainera joateko gonbitea egin dugu».
Ohi bezala, liburuan jasotako ibilbideak Perez Azazetak berak egin ditu. Kasu honetan, lehenik aterpe eta aterpetxeen zerrenda egin du, «Araban larriago ibili naiz, gutxi daudelako, eta Kanpetzu eta Bernedo ere sartu ditut». Gero, alojamendu horien inguruan dauden mendietara begiratu, eta aukeraketa egin ondoren, liburuan jasotako guzti-guztiak igo ditu, ohi bezala, «Legazpiko lagunekin batera». Horietako batek, Maribel Armen- darizek idatzi du hitzaurrea.
Antxon Burciori eskainia
Ibilbide horietako batzuk iazko abenduan hil zen Antxon Burcioren ondoan egin ditu Perez Azazetak, eta berari eskaini dio, hain zuzen, liburua. «Antxon nire mentorea izan da, nire kordada kidea mendian, eta bizitza osoan egon gara elkarrekin. Liburuak idazteko egiten nituen irteeretan beti etortzen zen nirekin, eta hau izango da bera ez dagoela kaleratuko dudan lehena. Atal txiki bat gorde dut berarentzat, eta berari eskaini diot lana».