Beteranotasuna gailendu da
Ordizia Klasikoa Luis Leon Sanchez (Astana-Premier Tech) esprintean irabazi du. Oscar Rodriguezek (Astana) igoerako errekor berria ezarri du Abaltzisketako igoeran
Luis Leon Sanchez (Astana Premier Tech) murtziarrak irabazi du Ordiziako Klasikoaren 98. jardunaldia. 165 kilometroko ibilbidean, ihes eginda iritsi den seikote batean azkarrena izan zen. Bigarren Juan Ayuso(UAE Team Emirates) sailkatu zen, eta hirugarren Roger Adria (Kern Pharma). Abaltzisketako azken igoeran sortu zen helmugara lehenen iritsi zen seikotearen ihesaldia. Garaipena, azken metroetan esprintean jokatu zen.
Ordizia Klasikoaren palmaresari, beste izen handi bat gehitu behar zaio; Luis Leon Sanchez. 37 urteko txirrindulari beterano honek, 47 garaipen lortu ditu profesionaletan. Frantziako Tourrean lau etapa, Paris-Nizan bi final orokor bat eta Donostiako Klasikoa bi aldiz irabazi du, besteak beste. Igandean, Ordiziako proba irabazteko faboritoen artean zegoen; txirrindulari oso gazteak gehiago ziren tropelean, sasoiko dagoela erakutsi zuen, argi eta garbi. Ordizia zen bere lehen lasterketa, hilabete bateko etenaldiaren ondoren, eta dianaren erdian eman zuen.
Abaltzisketako azken igoeran, lasterketaren buruan zihoazenen artean piztu zen garaipenagatik borroka. Igoera ikusgarria baina batez ere oso azkarra izan zen; Oscar Rodriguezek (Astana Premier Tech), igoerako errekor berria ezartzea lortu zuen. Simon Yatesena zen aurreko markarik onena (6:01) eta ia segundo batean ondu zuen Rodriguezek.
Seikotea
Jaitsieran, Rodriguezek berak, Luis Leon Sanchezek, Roger Adriak, Juan Ayusok, Hector Carreterok (Movistar) eta Mikel Iturriak (Euskaltel Euskadi) lasterketa buruan, azken kilometroetan sartuta, oraindik guztia erabakitzeko zegoen momentuan, ihesaldiko seiko taldean zeuden Astana taldeko bi gizonek, pedalkadaz pedalkada eraiki zuten garaipena. Rodriguez arduratu zen erritmoa ez gelditzeaz, eta helmugatik 500 metrora, Otegienea auzo inguruan, iritsi zen Sanchezen erasoa. Ayusok eutsi zion murtziarrari, Iturria urnietarra aukera gabe utziz. Gudarien etorbidean sartzean, helmuga begien aurrean zutela, esprintean, Sanchez izan zen indartsuena. Bigarren izan zen Ayuso, eta hirugarren, Roger Adria.
Lasterketa amaituta, eta sari banaketaren aurretik, Ordizia Klasikoaren istorioaren 98.aren jabea den Sanchez, «oso pozik», taldekideek egindako lana azpimarratu zuen, garaipena lortzeko funtsezkoa izan zena: «Lasterketaren azken kilometroetan Oscar Rodriguez taldekidea ondoan izan dut, egin duen lan guztia eskertu nahi dut».
Ayusok, World Tours proba batean lehiatzen zen lehen aldia zuena, bigarren postuarekin ere, oso pozik agertu zen: «Irabaztera etorri gara baina txirrindulari indartsuago bat egon da, eta zorionak berarentzat! Niretzako ohore handia da horrelako aurkaria izatea, txikitatik erreferente izan baita niretzat». Bere taldeak egindako lana ere eskertu zuen 18 urteko txirrindulari gazteak: «Taldekideen lanari esker irabazteko aukerekin iritsi naiz azken mendatera, nahiz eta ez den posible izan».
Joxe Mitxelenari omenaldia
Errepidean lehiatu ziren txirrindulariak baina ez ziren izan eguneko kronikaren protagonista bakarrak. Lasterketa honen antolakuntzak, Txapel Gorrik, Ordizia Klasikoak osatzen duen familia handiaren parte izan diren pertsonak oroitu ditu aurten ere, hala lasterketa abiatu aurretik, Antxon Zabalaren eta Migel Elorzaren oroimenez minutu bateko isilunea egin zuten. Karrera honi oso lotuta egin dute bizitza biak hala biak. Ordiziako Klasikoaren 1963ko eta 1966ko irabazleak izandakoak, Antton Barrutia eta Antonio Gomez del Moral, ere oroitu zituzten. Lasterketa amaitzean, berriz, Beti Alai pilotalekuan egin zuten sari banaketa ekitaldian Jose Mitxelena txirrindulari ohi oiartzuarra omendu zuten. Datorren azaroan, 89 urte beteko ditu, eta Ordiziako Klasikoa bitan irabazi zuen: 1953. eta 1957. urteetan. Txapel Gorri elkartearen izenean, Migel Urteaga eta Jose Luis Sanzen eskutik, txapela gorria eta oroigarria jaso zituen.
SAILKAPEN NAGUSIA
1. Luis Leon Sanchez (ASTANA) …. 3:3:51:27
2. Juan Ayuso (UAE) …………………. d.b.
3. Roger Adria (K.PHAR) ……………. d.b.MENDIKO SARIA
1. Oier Lazkano.(Caja Rural)
TARTEKO HELMUGAK
1. Xabier Cañellas (GIOS)
ESPRINT BEREZIAK
1. Oier Lazkano (Caja Rural)
LEHEN EUSKALDUNA
1. Mikel Iturri (Euskaltel Euskadi)
23 URTEZ AZPIKOAK
1. Juan Ayuso (UAE)
SAIATUENAREN SARIA
1. Oier Lazkano. (Caja Rural)
IHESALDIRIK LUZEENA
1. Oier Lazkano. (Caja Rural)
DOTORETASUNAREN SARIA
1. Roger Adria (Kern Pharma)
JATORTASUNARI SARIA
1. Juan Ayuso (UAE)
IGOERAKO ERREKORRA
Oscar Rodriguez (Astana)