Gizakiak botatakoa urak daroa
Oria ibaiaren bazterrak garbitu zituzten atzo, Igartzako Monumentu Multzoan. 100 kilo atera zituzten ordu eta erdian. Bihar landare inbaditzaileak erauziko dituzte, ibaia lehengoratzeko.
Oria ibaiaren bazterrak garbi zeudela ziruditen. Baina zorrotz bilatu gabe aurkitu zituzten lehen zakarrak: bidoiak, koltxoi bat, kotxeko piezak… denera, 100 kilo zabor atera zituzten Oria ibaitik, Igartzako Monumentu Multzoaren parean, bi ordutan.
Dozena bat lagun elkartu ziren ibai bazterrak garbitzeko. Katiuskak jantzi, eskularruak hartu, eta ibaira jaitsi ziren. «Semeengatik etorri gara, zaborrak ez direla lurrera bota behar ikasteko», dio parte hartzaileetako batek. «Auzolanak ere erakarri gaitu. Herriaren alde lan egin behar dela kontzientzia hartzeko», gaineratu du. Beasaindar anonimoez gain udaleko ordezkariak ere izan ziren, Leire Artola alkatea tartean.
Udalak Beasaingo ibaiak lehengoratu nahi ditu ekimenarekin. Udaletik azpimarratu dute beraientzat «herria txukun mantendu eta natur ondarea babestea» «ezinbestekoa» dela, «herritarren ongizatean eragin zuzena duelako». «Ibaiko landarediaren mantenua bere gain hartzen du udalak, baita garbitasunaren ardura ere. Honela ingurumena zaindu eta etorkizuneko Beasain eraiki eta babesteko konpromisoari eusten dio», diote. Herritarrak ibai bazterretan pilatzen den zabor kopuruaz jakitun izatea ere nahi dute, zakarrik bota ez dezaten. «Gaur egungo ibar-basoaren kalitatea eskasa da», aitortu dute.
Lanak ez dira amaitu
Ez dituzte soilik zakarrak aterako. Landare inbaditzaileak ere kenduko dituzte. Bihar daude geratuta horretarako, 16:00etan, Antzizar kiroldegian; paseoan Igartzaraino joango dira. Aranzadiko kideek ibaiko landarediaren inguruko azalpenak emango dituzte bitartean. Aranzadi Zientzia Elkarteko botanika saileko kideen laguntza dute egitasmoan. Txangoan parte hartzeko izena eman behar da, galdetegi hau beteta.
Proiektua amaitzeko lehentasuneko eremuak zehaztu eta ibar-basoko espezieak landatuko dira ertzetan: hurritza, haltza edo lizarra, besteak beste. Landaketa Aranzadiko langileek egingo dute, udazkenean.