Lazkaon 862 haur ibili dira udako aisialdi eta kirol jardueretan
Inoizko haur kopururik handiena izan da aurten Lazkaoko udako aisialdi eta kirol jardueretan. «Normaltasunez» garatu ahal izan direla azaldu dute.
Ostiralean bukatu ziren Lazkaoko udako ludoteka, aisialdi eta kirol programak. Denera, 862 haurrek parte hartu dute ikastaroetan, inoiz ibili diren gehien, udalaren esanetan. Aisialdiko ludotekan 198 ume aritu dira, eta kirol ikastaroetan 664.
Guztira, hamabost ikastaro eta zerbitzu izan dira aukeran. Kirol anitzen ikastaroak eduki du arrakasta gehien, partaidetzari dagokionez: 271 lagun. Atzetik, aisialdian 198, piraguismoan 76 (garaia baino lehen bukatu zen, Covid kasu batengatik), futbola (70), igeriketa (65), kirol dantza (39), tenisa (32), gazteen bodytraininga (25), gazteen ziklo-indorra (21) irristaketa (13), pilota (13), gimnasia erritmikoa (12), mendiko txirrindularitza (12), triatloia (7) eta haurtxoen igeriketa (8) dira partaidetzak.
«Normaltasunez»
Piraguismoko ikastaroa izan ezik, gainontzeko jarduera guztiak «normaltasunez» garatu ahal izan direla azaldu du udalak. Jarritako osasun segurtasun protokoloak «emaitza ona» izan du, positiboki baloratu du.