Bartzelonaren aurka hasiko du denboraldia Ampo Ordiziak, urriaren 3an
Berritasunekin dator errugbiko ohorezko mailako liga. Cruz-ek, Engelbrecht-ek eta Julen Goiak Ampo Ordizian jarraituko dute.
AMPO Ordiziak urriaren 3an ekingo dio 2021-22 denboraldiari, Futbol Club Bartzelonari bisita eginez, aurreko denboraldian, titulua lortzeko lehiatik kanporatu zuen aurkari bera, beraz, Iñigo Marotiasen mutilek, errebantxa batekin hasteko aukera izango dute.
Fase erregularra, 16 jardunalditara murriztuko da, eta taldeek seiko bi multzotan banatuta hasiko dute liga. AMPO Ordizia, aurreko ligan play-offak baino lehen laugarren izan zena, B multzoan dago, liga postu bikoitian bukatu zuten gainerako taldeekin batera (VRAC, UBU Aparejadores, Ciencias y Les Abelles) eta Gernikarekin batera. Talde horiek bi itzulira jokatuko dute elkarren aurka eta, gainera, bat, lau, zazpi, hamar, hamahiru eta 16. jardunaldietan, klubek beste multzoko sei aurkarien aurka neurtuko dituzte indarrak, behin bakarrik. Goierritarrek Bartzelona, Alcobendas eta El Salvador hartuko dituzte etxetik kanpo, eta La Vila, Cisneros eta, azken jardunaldian, Santboiana. Topaketa guztiek balio bera izango dute. Lehen zortzi sailkatuek titulua lortzeko play-off-a jokatuko dute. Lehenengo kanporaketan, lehenengoa eta zortzigarrena, bigarrena eta zazpigarrena, hirugarrena eta seigarrena, eta laugarrena eta bosgarrena lehiatuko dira.
Ohikoa den bezala, azken sailkatuak zuzenean galduko du maila, eta azken-aurrekoak bere tokia jokatuko du elite mailan Ohorezko B Mailako txapeldunordearekin. Berritasuna da igoera edo jaitsierako kanporaketak partida bikoitzera jokatuko direla berriz ere, talde onena bigarren partidan etxeko gisa jokatuz.
Errege Kopak ez du aldaketarik izango, eta Ordiziak finalerdietarako txartela izango du jokoan lehen itzulian, Altamiran, Les Abellesen eta VRACen aurka etxetik kanpo.
Cruz-ek, Engelbrecht-ek eta Julen Goiak jarraituko dute
Bestalde, denboraldi berriari aurre egiteko taldea osatuko duten beste hiru jokalariren berri eman du Ordizia Rugbik. Orain arte Ampoko jokalariak izan dira hirurak eta proiektuaren parte izaten jarraituko dutela baieztu du klubak.
Valentin Cruz izango da bat, azken urteotan joku zabaltzaile bezala aritu dena. Adrogueko argentinarra, azken urte hauetako Espainiako ligako puntu gehien lortu dituenetako bat izan da. Klubak gogoratu du, “dagoeneko bost urte daramatzala taldean, honek klubaren eta jokalariaren artean dagoen sintonia erakutsiz”.
Taldean jarraituko duen beste jokalari bat Joubert Engelbrecht hegoafrikarra da. Ordizia Rugbik konfidantza osoa erakutsi dio: “Hamabi-hamairu fidagarrienetako bat da, eta defentsan zein erasoan egonkortasun eta konfiantza plusa ematen dio Ordiziako hiru laurdenei”. Laugarren urtea izango da Engelbrecht-entzat.
Eta hirugarrena, Julen Goia taldeko kapitaina da, utility back eta Espainiako selekzioan ohiko jokalaria ere badena. Ordizia Rugbirentzat, “aipatutako guztiak bezala, jokalari kontrastatua da, harrobiko jokalarien maisua, eta ezinbestekoa Ampo Ordiziaren ohorezko XV. Idiazabaldarra, zalantzarik gabe, etxeko gizona da”.
Ordizia Rugby Elkartearen proiektuaren jarraipenaren apustua, Iñigo Marotias kirol zuzendari berriarekin, aurretik egon zen Jon Txurrarekin bezala, “egonkortasunean eta jokalariei ahalik eta baldintza onenak eskaintzen saiatzean oinarritzen da, horrek eragina duelako haiek ematen duten horretan”.