1936ko gerran eraildako beasaindarrak gogoratu dituzte
Emeterio eta Manuel Sanzo Urbon anaiak batu dituzte gerran hildakoen zerrendara. Gehiago ikertu ahal izateko herritarren laguntza eskatu dute
Duela 85 urte 35 lagun fusilatu zituzten faxistek, Albisuenea etxearen aurrean. Hasiera besterik ez zen izen, ondorengo urteetan debeku, isun, exekuzio… gehiago izan zirelako. Oraindik ere, guztiak ez dira ezagutzen. Bi izen gehitu dituzte aurtengoan zerrendara, Emeterio eta Manuel Sanzo Urbon anaiena. Lehendabizikoa behartutako lanak egitera Espainiara bidali zuten, eta Guadalajaran hil zen; bigarrena, Kolitzako (Balmaseda, Bizkaia) gudan akabatu zuten. Bere arrastorik ez dago.
Lore eskaintza egin zieten atzo guztiei. Omenaldiak ohiko formatua izan du, iazko behartutako etenaren ostean: Irakurle Taldearen izenean, Kristina Galarragak Maitane Legarreta Memoriaren labirintoa irakurri du hasteko; Jose Goikoetxeak, berriz, Irati Goikoetxearen olerki bat errezitatu du; Ekaitz Goikoetxeak ere bere gogoetan egin du, bertsotan. “Ez utzi hitz egiten isiltasunari”, kantatu du; historiari ere errepasoa egin diote; Aitor Furundarenak eta Xabier Sarasolak Joseba Tapiak Agur Intxorta diskoan jasotako Joxe Zapirainen Len amar lagun giñan etxean bertsoa eta Maitasuna helduko da abestiak jo zituzten; Ekitaldia osatzeko, oroigarriaren aurrean agurra dantzatu zuen Mikel Intsaustik. Nekane Aldasorok, Angel Alvarez Telletxearen ilobak, bere gogoeta ere egin du. “Halako ekintzak beharrezkoak ez direla uste duen jendea dago oraindik. Herrialde honetan errepublikako gobernuaren aurkako altxamendua ukatzen duten pertsonak eta alderdiak dauden bitartean ez da herrialde demokratikoa izango”, esan du hunkituta. “Biktima asko jada ez daude gure artean. Horregatik, beraien ondorengook lekukoa hartu behar dugu”, azpimarratu du.
Antolatzaileek herritarren laguntza eskatu dute ikerketa lanetan sakondu ahal izateko. “Lehen egindako ikerkuntza lana berriekin osatzen joan behar da. Oinarrizkoena argitaratu da, baina dauden hutsuneak handik eta hemendik lor litezkeen informazio berriekin osatzen joan behar dugu”.
Ehun bat entzule elkartu ziren oroigarriaren inguruan, helduak gehienak. Tartean, udaletxean ordezkaritza duten hiru alderdietako kideak zeuden; baita Leire Artola alkatea ere.
Jabier Garciari, aitortza
Jabier Garcia Bergara ere gogoan izan zuten ekitaldian. Iaz hil zen. Bera hasi zen gerrako Beasaingo erailak eta zigortuak, bere kontura, gogoratzen, hilerri zaharrean kandela piztuta. “Agur, Jabier. Beti gogoan izango zaitugu. Eta zu gogoratzean haiek ere gogoratuko ditugu”, esan dute bozgorailuetatik. Garcia antolaketa taldeko kidea izan zen urte luzetan.