«Bizitza katebegi txiki askoz osatutako kate bat da»
Kristina Galarragak 'Izadi, un canto a la vida' nobela kaleratu du. 'Eleonora la hija del bosque' lanaren jarraipena da. Bizitzaren eta denboraren inguruko hausnarketa bat da.
Izadi da Kristina Galarraga Zeberioren (Ordizia, 1968) bigarren eleberriko protagonista. Bizitza kate baten moduan irudikatzen du.
Katebegi bat gehitu duzu. Eleonoratik, Izadira.
Izadi, un canto a la vida Eleonora, la hija del bosque liburuaren luzpena da. Eleonora hor dago, garrantzia du, baina protagonismoa Izadik hartuko du, bere alabak.
Bizitzari kantu bat jarri diozu eleberriari bigarren izenburu gisa, baina heriotza oso presente dago. Heriotza eta bizitza ezin dira bereizi?
Jaiotza eta heriotza lotuta daude. Jakitun izan behar gara joan egingo garela, nahiz eta ez jakin noiz joango garen. Jaiotza-data badakigu baina heriotza-data ez, nahiz eta hor egon.
Bizi egin behar dela, ahal den bitartean.
Eleonora bizitzaz beteta zegoen baina ilusioa galduko du, bidean jende asko joan zaiolako. Dolua egiten ari da. Baina hori dena prozesu bat da, ez da egun batetik bestera egiten. Ilusioa berreskuratzen du bere barruan bizi berri bat hasten ari dela sentitzen duenean.
Bizitza katebegi bakarra da ala kate oso bat?
Bizitza katebegi txiki askoz osatutako kate bat da. Bizitzan zehar katebegi batzuk erori egiten dira eta beste batzuk, gehitu. Horregatik, katea ez da inoiz hausten; beti egongo da. Luzatzen joaten da, gure azkeneko momenturaino. Katea bizirik dago.
Katebegiak zerk lotzen ditu? Maitasunak?
Izadik eta Fermin aitonak duten harremana oso polita iruditzen zait. Zenbat irakasten dioten elkarri, eta zer maitasun sortzen den beraien artean.
Gainerako katebegiek egiten dute nor. Izadik memoria ariketa bat egingo du atzeko katebegiak ezagutu eta nor den jakiteko.
Ez dut asko kontatu nahi, baina Izadi amnesika geldituko da: ez daki zein den bera, ez daki zein den bere familia… hori ere gertatzen da. Dena ez da polita bizitzan. Konortea galduta, identitaterik gabe… badirudi begetal batzuk direla, baina bihotza hor dute. Maitasuna hor dago.
Esnatutakoan Izadik behar du bere puzzlea osatzea; historia hori jakin beharra du. Katebegi bat da Eleonora; beste bat, Pablo, aita; Fermin; Maisha…
Maitasuna errepikatu egiten den gaia da. Esaterako, Eleonoraren eta Pabloren arteko harremana tenkatu egingo da.
Baina hori ere bizitza da. Hor sartu nahi izan ditut zeloak, konfidantza falta, ezjakintasuna… Enrique sartuko da hor, baina bere maitasuna bestelakoa da.
Bere maitasuna oso materialista da. Maitatzea ez da edukitzea, diot. Eleonora saiatzen da Enriqueri maitasuna zer den azaltzen, baina berak beste begi batzuekin ikusten du. Agian berak horrela bizi izan duelako.
Bakoitzak bere errealitatea du, bere katea.
Maisharen bidez, esaterako, sartu dut indarra eta superazioa. Bera Afrikatik dator, egoera latz batengatik.
Betirako maitasunean sinesten duzu?
Maitasuna beti dago presente, bizitza guztian. Maitasunak ez du zertan bikote batekin izan beharrik: maitasuna lagunei, naturari… maitasuna indar bat da, energia. Energia handiena.
Zure bigarren nobela da baina hirugarren liburua duzu.
Etapa desberdinak bizi izan ditut, eta bakoitzean idatzi dut behar nuena, sentitzen nuena. Orain nobelak idazten gustura nago. Baina nobela barruan kolaborazioak sartu ditut: olerkiak, ipuin bat, aipu literarioak… Eboluzionatu dudan? Hori jendeak esan beharko du. Nik istorioak kontatzen ditut. Norbait emozionatzea lortzen badut, pozik jartzen naiz.
Egiturari eutsi diozu.
Jende askok lagundu dit eta denei eskerrak eman nahi dizkiet: Jota, Marian Benito, Mari Sanchez La mas serena, Montse Guai, Goyi Rodriguez… Portadako ilustrazioa Pedro Manuel Ruiz Gonzalezena da. Berari ere, eskerrak. Eta saltzaileei ere eskertu behar diet. Jon prentsa eta loteria dendan, Kutixi ganbara okindegian, Dolarea hotelean eta Fash arropa dendan dago liburua salgai.
Idazteak osatzen zaitu?
Ama naiz eta badakit zer den ama eta seme-alaben arteko erlazioa. Baina aiton-amonak ez nituen ezagutu. Paperean sartu behar izan dut, aitona-amona baten eta iloben arteko erlazioa irudikatzeko. Nire aita ere ekarri dut liburura.
Geroz eta errazago idazten duzu? Hasierako freskotasunari eusten diozu?
Istorioaren hasiera eta bukaera argi edukitzen dut. Eta tartekoa bidean sortzen dut. Ez diot nire buruari mugarik jartzen; ez dut pentsatzen zenbat orri egin behar ditudan. Gero, ideia batek beste bat dakar. Burua beti dabil bueltaka. Liburu hau otsailean amaitu nuen idazten, baina segituan beste batekin hasi nintzen. Jada ari naiz idazten.
Zerbait aurreratu dezakezu?
Beste istorio bat da. Beasainen kokatuko da: Usurbe azalduko da, Igartza…
Jarraitzeko indarra baduzu.
Noiz arte? Ahal dudan arte. Orain eszedentzian nago eta momentu hau aprobetxatzen ari naiz sortzeko. Nire bizitzako momentua da; gero, agian, beste momentu bat izango dut. Ilusioa badut eta jendeak erantzuten dit. Hau egin dut jendeak bigarren zatia eskatu zidalako. Irakurleen erantzunarekin oso-oso gustura nago. Irakurleek ematen dizuten indarra ezinbestekoa da. Idazten ari zarenean bakarrik zaude, baina ez zara bakarrik sentitzen.