Etorkizuneko erronkei erantzuteko ekintza plana aurkeztu udalak
2030 ekintza plana aurkeztu du Ordiziako udal gobernu taldeak. Plan hori «lehen urratsa besterik ez» dela azaldu du Ezenarrok, eta elkarlanerako deia egin du. Berdintasuna, ongizatea eta planeta babestea dira ardatz nagusietako batzuk.
Datozen 10 urteetan Ordiziak aurre egin beharreko erronkei erantzuteko ekintza plana osatu eta aurkeztu du Ordiziako Udalak. Iragan ostiralean, Herri Antzokian eman zituzten 2030 ekintza planak biltzen dituen edukien xehetasun guztiak, udal gobernu taldeko eta Ordizia Ahal Duguko ordezkari politikoek.
Ordiziako 2030 ekintza plana aurkeztean Adur Ezenarro alkateak nabarmendu zuen, «hau lehen urratsa besterik ez da, datozen urteetarako Ordiziak hartuko duen norabide berriaren abiapuntua». Bide horretan, «elkarrekin ekiteko» gonbita luzatu zien Ordiziako komunitatea osatzen duten pertsona guztiei, ekintzak herritarrekin gauzatzeko, «elkarlanean».
Egungo testuingurua kontutan hartuta, eta etorkizunean Ordiziak zer izan nahi duen galderari erantzunez osatu dute plana; «aldaketa klimatikoa iritsi da, COVID-19aren pandemiak ere inflexio puntu bat ekarri du agerian utziz jendarte modura ditugun gabeziak,…». Mundua etengabeko tranformazioan dagoela kontuan hartuta, «ezinbestekoa den norabide aldaketa» proposatzen du ekintza planak; berdintasuna lortzeko, ongizatea bermatzeko eta planeta babesteko. «Erronka konplexuei egin beharko diegu aurre» eta angulu guztietatik eragin beharra ikusten dute; «ezingo da bakarrik esparru publikotik bilatu irtenbidea, esparru pribatutik eta batez ere komunitarioak elkartu beharko ditu».
24 helburu, 210 ekintza
Hiru ataletan banatuta dago plana: herritarrak, lurraldea eta antolaketa. Guztira, 24 helburu ditu eta horiek lortzeko 210 ekintza zehatz. Ordiziako alkateak azaldu zuenez, «urte oso bateko lana» izan da, eta «udala osatzen duten sail guztietako teknikariekin batera» egin dute.
Herritarrak atalean, Ordiziako biztanleen ongizatea eta bizi kalitatea hobetu eta bermatzeko hartuko diren neurriak azaltzen dira. «Elkar hezten eta zaintzen gaituen komunitate inklusiboa, euskalduna, feminista, anitza eta justua lortzeko 11 helburu eta 64 ekintza aurrikusten dira». Helburuak, honakoak dira: Ordizia harrera herria bihurtu; bizikidetza oinarri izango duen gizarterantz ekin; sare komunitarioak ehundu; komunitatean eta etxean pertsonen zaintza bermatu; haur eta nerabe aktiboak dituen hezkuntza proiektu amankomuna garatu; euskara tresna bateratzaile bihurtu; lan baldintza duinak sustatu; Ordizia pobrezia zero: pertsonen oinarrizko beharrei erantzuna eman; pertsonen arteko aukera berdintasuna bermatu; indarkeria matxistarik gabeko herria lortu; eta kulturlab, formazioa, sormena eta sozializazioa.
Lurraldea atalean, Ordizia herri atsegina, berritzailea eta jasangarria lortzeko bidean hartuko diren neurriak daude. Funtsean, trantsizio ekologikoan oinarrituz, azoka eta elikadura subiranotasuna bultzatzea, balioerantsia duen bertako ekonomia sustatzea, beharrezko azpiegiturak eraikitzea,… Ordizian, bizi, erosi, ikasi eta lan egiteko aukera ahalbidetzeko 11 helburu eta 124 ekintza aurreikusten dira. Helburuak, honako hauek dira: herri orekatua, jasangarria, anitza, irisgarria eta atsegina eraiki; herriak behar duen energiaren %35a sortu energia berriztagarrien bidez; CO2 emisioak %30 murriztu; mugikortasun jasangarria lortu; herriko merkataritza eta ostalaritza sustatu; ekonomia zirkularra bultzatu; azoka proiektua indartu elikadura subiranotasuna eta turismoa uztartuz; Oiangu parkea; ingurumenaren errespetua oinarri izango duten heziketak bultzatu; biodibertsitatea, basoak eta ibaiak babestu eta zaindu; eta uraren erabilera jasangarria sustatu
Hirugarren atalak, antolamenduaren esparrukoa, bi helburu nagusi jasotzen ditu: herritarren beharrei erantzuteko komunikazio eta arreta zerbitzu zuzena, gardena eta eraginkorra eskaini; eta administrazio moderno, jasangarri eta eraginkorra lortu. Hori lortzeko bideak ere planteatzen dituzte:udaleko plantilla sendotu; administrazioa berrantolatu aro digitalera berrira egokituta; komunikazio kanalak indartu herritarrek informazio guztia esku-eskura izan dezaten; gaur egungo arreta zerbitzua arintzeko eta eraginkorrago izateko baliabide berriak erabiltzea; eta arreta zerbitzu integral bat eman, besteak beste.
Egoera berrietara moldatu
Ordiziako herritarrek etxeko postontzian jaso duten liburuxkan, 2030 ekintza planaren informazioa dago. Plana baina ez da itxia: «Etorkizuneko Ordizia irudikatuz, lehen oinarria jarri da, baina plana dinamikoa eta irekia da, egoerak eskatzen badu, ekintzak moldatu edo berriak sortzen joango gara; elkarrekin elikatzen jarraitu beharko da, eta modu horretan aberastuko dugu».