Azoken Sareak etorkizuna bermatzeko plana aurkeztu du
Gipuzkoako Azoken Sareak herrietako azokak "aztertu, indartu eta hauen etorkizuna bermatzeko" plan estrategikoa aurkeztu zuen atzo. Beasaingoa, Ordiziakoa eta Zumarragakoa daude tartean
Beasaingo, Ordiziako eta Zumarragako azokak “aztertu, indartu eta hauen etorkizuna bermatzeko” plan estrategikoa aurkeztu zuen atzo Gipuzkoako Azoken Sareak. Planak bost ardatz dituela azaldu zuten: gobernantza, azpiegiturak eta zerbitzuak, etorkizuna eta sarearen dinamizazioa eta komunikazioa. Ardatz bakoitzaren lan ildoak ere definitu dira: mahaien osaketa, azpiegituren eguneraketa, digitalizazio proiektuak eta promozio ekintzak, esaterako. “Gipuzkoako Azoken Sarea proiektua, udalerri bakoitzeko azokaren beharretara egokitu da eta azoka osatzen duten eragile ezberdinen partaidetzarekin garatu da”, azpimarratu zuten.
Xabier Arrutik, Gipuzkoako Foru Aldundiko Nekazaritzako eta Lurralde Orekako zuzendariak, nabarmendu zuen “prozesu hauen bidez azoka bakoitzaren etorkizunerako erronkak, eta ekintza planak adostu direla”; eta guztien artean “ikuspegi orokor bat” landu dutela, “Gipuzkoako Azoken Sarea lortzeko helburuarekin”. “Gipuzkoako Foru Aldundian gure produktuei balio erantsi handiagoa emateko lanean ari gara, horiek eraldatuz eta berrituz, eta tokiko produktuen eta hurbileko salmentaren garrantzia nabarmenduz. Bide horretan, ekimen hau ere bultzada bat izango da”, gaineratu zuen.
Javier Plasenciak, Eusko Jaurlaritzako Elikagaien Kalitate eta Industriako zuzendariak, ekimena garatzeko “une egokia” dela esanez osatu zuen, “Europatik ekoizleen alde datorren joera dela eta”. “Europako Batzordeak, Europako Itun Berdearen esparruan, onartu berri duen Baserritik Mahaira estrategiak elikagaien segurtasuna eta dieta osasuntsuak eskuratzea babestuko duen elikadura-sistema jasangarrirako trantsizioa defendatzen baitu”. Plasenciak gaineratu zuen estrategia hori Euskadiko gobernu-planean txertatuta dagoela, eta elikagaien ekoizpen jasangarriagoa, osasungarriagoa eta seguruagoa bultzatuko duela, elikadurarekin gero eta sentikorragoak eta zorrotzagoak diren herritarren eskakizunei erantzungo diena, eta “gure produktuekiko eta sektorearekiko hurbiltasuna eta konfiantza baloratuko dituena”.
Aurkezpena
Planaren aurkezpena atzo egin zuten, Tolosako Zerkausian. Bertan izan ziren Goierriko azoketako ordezkariak. Gipuzkoako Foru Aldundiko, Eusko Jaurlaritzako, Landa Garapen Elkarteetako eta Elika Fundazioko kideak ere izan ziren. Beraiek osatzen dute azoken sarea. Egitasmoa urtarrilean jarri zuten martxan.