Etorkizuneko Txapeldunen finalaurrekoak jokatuko dituzte gaur Ataunen
Kadeteen eta promesen mailan launa bikote lehiatuko dira finalera igarotzeko. Finala igande eguerdian da, Auzoetan. Lehen txapelketaren balorazio oso ona egin dute antolatzaileek
Ligaxka luzeko 36 partida jokatu ondoren, azken txanpara ailegatu da Ataungo Etorkizuneko Txapeldunak pilota lehiaketa. Harrobiko gazteentzat goi mailako erakustoki izatea zuen helburu, eta lortu du. Joko mailaz, partiden parekotasunaz eta, oro har, lehiaketaren garapenaz oso gustura agertu dira Ataun Kirol Elkarteko antolatzaileak.
Sailkatze fasea asteburuan bukatu ondoren, bale edo kaleko jardunaldiak dituzte gaur eta igandean. Finalaurrekoak gaur 18:00etan jokatuko dituzte, Auzoeta kiroldegian. Kadete mailako bi neurketak izango dira lehenengo, eta jarraian junior mailako promesen beste bi. Ataungo pilotariak ere sartu dira.
Final handia, berriz, igandean izango da. Hasieran, San Inazio egunean jokatzea aurreikusi bazuten ere, egun bat atzeratu, eta abuztuaren 1ean jokatuko dituzte, jaian 12:00etan hasita. Pilotari profesionalak gonbidatu nahi zituzten sari emate ekitaldirako, eta haien presentzia ziurtatzeko atzeratu dute, hain justu, egun bete. Ataungo bi profesionalak, Jon Ander Albisu eta Iraitz Zubizarreta, sariak ematen izango dira; gehiago ere baliteke.
Ekainaren 22an hasi zen Etorkizuneko Txapeldunen lehiaketa. 48 pilotari titular gonbidatu ditu Ataun Kirol Elkarteak, Baikoren laguntzarekin antolatutako hitzordura. Berezitasuna, bikoteen osaeran izan du: Bai kadetetan, bai juniorretan, 12na pilotariko bi multzotan bereizi zituzten partaideak, aurrelariak eta atzelariak erdira zirela. Jardunaldi bakoitzean aldatu egin dituzte bikoteak.
Helburuak beteta
Ataungo antolatzaileak «oso-oso gustura» dira txapelketarekin, finalaurrekoen eta finalen faltan. «Maila ikaragarri ona ikusi ahal izan da, bai kadetetan eta bai promesa mailan. Pilota maila polita lortu da, lehiatua eta parekatua izan baita lehiaketa», azaldu du Iñigo Altzuak.
Txapelketa «exijentea» izan da pilotarientzat. «Partida bakoitza aurrera ateratzeko lana egin behar izan dute. Partida asko jokatu behar izan dituzte, maila eta iraupen handikoak, eta eskuetan nabaritu dute. Baina hori kenduta, oso gustura geratu dira partaideak. Eskertsu agertu dira gainera, aspaldian jende aurrean jokatu gabe zeudelako».
Antolaketa esfortzu «ikaragarria» suposatu arren, aurrera jarraitzeko asmotan dira.
Finalaurrekoak
KADETEAK
1. finalaurrekoa. Iglesias-Garaño / Odriozola-Anduaga.
2. finalaurrekoa. Zabaleta-Landa / Beitia-Bullon.PROMESAK
1. finalaurrekoa. Zubizarreta-Ugartemendia / LizeagaII.a-Eskuza.
2. finalaurrekoa.I. Egiguren-Lazkoz / Arrillaga-Lizeaga I.a.Noiz. Auzoeta kiroldegian, gaur18:00etan. Sarrera: 3 euro.