Pariserako 113 autobus elektriko ekoitziko ditu Irizar e-mobilityk
Akordio marko bat sinatu du La Règie Autonome de Transports Parisiens-ekin. Autobus elektrikoak erosteko Europako proiekturik handienetarikoa da.
Irizar e-mobilityk Frantziako merkatuan sendotzen jarraitzen du eta Paris izango da bere autobus elektrikoen hurrengo helmuga. RATP La Règie Autonome des Transports Parisiens-ekin akordio marko bat sinatu du eta 113 unitate ekoitziko ditu Frantziako hiribururako lehen bi urteetan. Zero igorpeneko autobus %100 elektrikoak izango dira, Irizar ie bus modeloko belaunaldi berrikoak. Autobus elektrikoak erosteko Europako proiektu handienetako bat da.
Elektronika, komunikazioak eta osagai nagusiak eta sistemak Irizar taldearen teknologiarekin garatu dituzte. “Eskerrak eman nahi dizkiogu RATPri, autobus-flota berritzeko gugan jarri duten konfiantzagatik. Paris bezalako hiri batean gure elektromugikortasun soluzioak inplementatu ahal izatea, mundu mailan elektromugikortasunean erreferente den hirian, erronka handia da guretzat eta ezin gara harroago egon”, adierazi du Imanol Rego Irizar e-mobilityko zuzendari nagusiak. Ile-de-France-Mobilités-ek finantzatuta, autobus guztiak elektrikoetara eta biogasera bihurtzea helburu duen RATPren Bus2025 programaren barruko proiektua da.