Transmisioaren seinaleak izan daitezke
Eguraldiak gorritzen lagundu ez arren, lehen aire libreko tomateak hasi dira, igitaia-leka ere bai, beste produktu berri batzuen artean.
Opor garaia baliatuz gazteak ikusten dira salmenta lanetan. Arantxa Zurutuzarekin Liher eta Luka ilobak astero barazkiak saltzen eta Ixiar Etxeberriarekin Arizmendi gazten postuan Igor Gartzia Etxeberria iloba, «inork esan gabe etortzen da ni laguntzera eta ni pozik, lanbide honi etorkizun hobea desioko nioke nik, honek ere bere gustuko lanari heldu diezaion», sentipen gazi-gozoarekin mintzo zen Itziak.
Aire libreko tomateak, zain zen jendea eta ekarri orduko eskutatik kendu dizkiete M.J esus Oria eta Edurne Jauregiri. Oraindik ere heldu punttu onenera iritsi gabekoak baziren ere gogotsu bezeroa (3,5-4€/k). Lehen udare tomatea ere ikusi genuen atzo, ondo heldua hori, Caparrosoko Silviaren eta Asierren postuan. Tomate saltsa egiteko eta bere horretan jateko egokia eta garesti aitzakirik gabea (1,5€/k).
Lekari dagokionez mota berri bat atzo: itaie formari zor dio izena leka honek. Garrafal oro izeneko hazitik etorritakoa da, gainerako leka zabal batzuk baina gutxiago ematen badu ere oso leka samurra da, oso estimatua da (5€/k) igitai formako hau. Aire librekoa hau ere Itsasoko Oriaren postuan.
Frutei dagokionez azken asteetan esaten ari garen bezala, sagar urtea ondo hasi dela esan genezake eta lehenengoekin ia hasi dira sagar dultzea egiten. Menbriloa esatea ohikoa bihurtu bada ere, ez da irasagarrarekin edo menbrilloarekin egina, sagarrekin baizik (6€/k salgai). Basakanak ere baziren salgai Baliarraingo Edurneren postuan (6€/k). Mertxikak Caparrosotik zuzenean etxeko zuhaitzetatik ekarriak 4 euroan salgai, kategoriko gustua dutenak.
Ez da nahikoa kamamila lorea biltzea. Ondo idortu eta poltsatxotan prestatu behar da. 100gr.koak salgai dira 5 euroan. Lore gutxi nahikoa direla infusio bat egiteko kontuan izanda, askorako ematen du poltsatxo bakarrak.
Bestalde, ilarak ere sortu dira momentuka, udazkenari begira aza, brokoli, azalore… landareak erosteko. Urteko porrua eta laster jateko prest izango diren uraza mota ezberdinak izan dira salduenak.
Oporrak
Abuztuko oporraldiaren marka izango da Maite Iturbek utziko duen hutsunea, okina irailaren 1ean hasiko da berriz ere, artikulu hau bezalaxe. Paperean berriz ere irailaren 2an izango baita, Internetez jaso ahal izango duzue astero azokaren berri baina dena dela zuzenean bertan bizitzea bezalakorik ez da.