Urretxun Bizi Gara ekimenean parte hartzeko aukera
Bihar arte zabalik egongo da Urretxun Bizi Gara harrera eskolako matrikula epea. Udal ekimen honek zortzigarren edizioa du aurtengoa. Egitasmo hau Urretxuko eta Goierri Garaiko gizartea, historia eta baliabideak ezagutu nahi dituzten etorkinei zuzendua dago.
Urretxun Bizi Gararen zortzigarren edizioko saioak irailaren 10etik azaroaren 12ra bitartean izango dira, astearte eta ostiraletan, 09:30etik 12:00etara kultur etxean. Parte hartzaileek 40 eskola ordu jasoko dituzte, doan. Hitzaldiak, txangoak, bisitak eta tailerrak egingo dituzte. Aurreko edizioetan bezala, teknikariek, eragileek, bizilagunek eta erakundeetako ordezkariek historiaz, gizarteaz, kulturaz, enpleguaz, etxebizitzaz, hezkuntzaz, hizkuntzaz, osasunaz… hitz egingo dute parte hartzaileekin.
Gainera, ikasleek hiru asteko egonaldia egin dezakete elkarte batean, elkar ezagutzea sustatzeko eta harrera eta inklusio prozesuak errazteko.
Urretxun Bizi Gara Urretxuko Udalaren Aniztasun eta Bizikidetza Planaren barruan kokatzen da. Plan horren helburua udalerria osatzen duten kultura eta kolektiboen arteko topagune eta aberaste gune bat eraikitzea da.
Egitasmoak Aniztasun eta Bizikidetza Mahaiaren babesa du. Mahaia herritarren parte hartzeari irekitako lan batzordea da eta gizarte inklusiboa eta diskriminaziorik gabea sortzea bultzatzen du. Urretxun Bizi Gara harrera eskola martxan jarri zenetik, ia 100 bizilagun graduatu dira.
Izen-ematea
Harrera eskola honetan parte hartu ahal izateko, izena eman behar da. Matrikula doakoa da eta Urretxuko Udaleko Gizarte Zerbitzuen bulegora deituz egin daiteke: 943 03 80 83. Uztailaren 30a da horretarako azken eguna.
Talde dinamika COVID-19aren prebentzio protokoloetara egokituko da, baina aurreko edizioetako edukiak bere osotasunean mantenduko dira.













