«Vuelta polita atera daiteke»
Frantziako Tourrean lehenengo aldiz hartu du parte Alex Aranburuk (Ezkio, 1995). Hurrengo lasterketa Espainiako Vuelta izango da, abuztuaren 14tik irailaren 5era.
Frantziako Tourrean lehendabiziko aldiz parte hartu duzu aurten. Zer moduzko esperientzia izan da?
Esperientzia polita izan da. Azkenean, denak kontatzen du eta gehitzen du ikasteko. Asko sufritu dugu Tourrean, niri gogorra egin zait, baina esperientzia positiboa izan da behintzat eta nik uste dut hurrengo urteetarako ere asko balioko duen karrera bat izango dela.
Lehen aldia izanik, zer da gehien gustatu zaizuna? Eta gutxien gustatu zaizuna?
Gehien gustatu zaidana azkenean azkeneko eguna izan da. Parisera ailegatzen zaren momentu hori berezia da. Han jada zuzengunera iritsi eta jendea ikusten duzunean, badakizunean Parisen zaudela, hori momentu berezia da. Gutxien gustatu zaidana, aldiz, Alpeetan eduki genuen egun bat, euriarekin eta hotzarekin. Ihesaldian sartu nintzen hasieran, gero asko sufritu behar izan nuen helmugara ailegatzeko. Momentu horietan, hotzarekin eta euriarekin, asko sufritzen dut nik.
Sailkapen nagusian 76. postua lortu duzu. Bi etapatan 6. postua eta 8. beste batean. Nola baloratzen duzu hori? Nola ikusi duzu zeure burua?
Azkenean sailkapen nagusiari ez diogu batere begiratzen. Lutsenko geneukan 7. postuan sailkapen nagusian eta berari laguntzen aritu ginen, gero beste askotan hanka altxatzen genuen eta indarrak gordetzen ibiltzen ginen. Bi etapatan 6. eta Parisen 8. eta horietan gustora, batean ihesaldi bat izan zen eta beste batean esprint bat. Ibiltzen zen mailarekin ez dago gaizki.
Hurrengo karrera Espainiako Vuelta izango da zuretzat. Zein helburu duzu horretarako?
Talde politarekin goaz. Blasov, euskaldunok ere bagoaz, Gorka Izagirre, Ion Izagirre, Omar Fraile eta ni, gero Luis Leon eta beste taldekide batzuk. Espainiako Vuelta polita atera daiteke. Ni orain lasaiago hasiko naiz, Tourra eta gero atseden pixka bat hartu dut eta aste honetan hasi naiz entrenatzen. Azkenean, Tourrean bezala, egunez egun ikusiko da, etapa batzuetan postu ona lortzen saiatu eta beste etapa askotan ekipokoei lagundu, eta besteetarako errekuperatzen saiatu.
Ondoren nola dator egutegia?
Munduko txapelketara joateko asmoarekin nabil, irailaren 18tik 26ra izango da Amberesen (Belgika) hasi eta Leuven bukatuta, baina lehenengo Vuelta ikusiko dugu nola doan eta ondoren nola gauden. Gustatuko litzaidake munduko txapelketara joatea.
Hurrengo urtera begira, proiektu berririk ba al daukazu?
Ezer finkorik ez dakit. Azkenean hemendik aurrera ikusiko da zer pasatzen den. Denboraldia niretzat munduko txapelketarekin bukatuko da printzipioz eta ikusiko da.