Goierri Helmuga Turistiko Adimenduna zigilua duen lehen eskualdea izango da
Eusko Jaurlaritzak, Goitur agentziak eta Goierri beheko alkateek eta zinegotziek bilera egin dute Igartzan; Helmuga Turistiko Adimenduna zigilua eskuratzeko tramiteak hastea erabaki dute
Goiturrek Helmuga Turistiko Adimenduna zigilua eskuratzeko tramiteak hasiko dituela iragarri du, atzo goizean Eusko Jaurlaritzako ordezkariekin egindako bileran. Halako aitortza lortuko duen lehen eskualdea izango da; Euskadin soilik Gasteizek eta Donostiak dute zigilu hau; Bilbo lortzeko bidean dago.
Eusko Jaurlaritzak Goitur aukeratu du «kudeaketa ereduagatik». «Goituren publiko-pribatu izaera da hori horrela izateko arrazoia», azaldu dute. Eskualdearentzat onuragarria izango dela azpimarratu dute Goituretik: besteak bestek, «Goierriko turismoaren posizionamendua hobetzea», «lehiakortasun eta errentagarritasun turistikoa hobetzea» eta «bisitarien eta egoiliarren arteko integrazio handiagoa» ekarriko dituela aurreratu dute.
Prozesua urrian jarriko da martxan. Bizpaihiru urtetan gauzatzea espero dute. Bidean enpresa aditu baten laguntza izango dutela aipatu dute.
Xehetasunak Eusko Jaurlaritzako ordezkariekin egindako bileran zehaztu dituzte. Nikolas Osinalde Goiturreko zuzendariak «bilera laburra baina emankorra» izan dela deskribatu du. Helmuga Turistiko Adimendunaren zigiluaz gain, Next Generation diru funtsaren inguruan ere hitz egin dute. Next Generation Europatik turismo sektoreari laguntzeko bideratutako diru funts bat da; irailean zabalduko da lehen eskariak egiteko epea, eta prest egon nahi dute ordurako. Irailean bertan beste bilera bat egingo dute Goiturek eta udal ordezkariek.
Bileran Goierri beheko alkateak eta hainbat udal ordezkari izan dira. Javier Hurtado, Jaurlaritzako Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailburua baita ere, besteak beste. Sailburuak datozen urteetako erronka turismo jasangarria bermatzea izango dela azpimarratu du. Horretarako «Euskadi posizio on batetik abiatzen» dela azaldu du, gaztelania hustean egindako hitzaldian.
Done Jakue bidea
Done Jakue bideaz ere hitz egin du. Turismoaren Jasangarritasun Plan Nazionalak lehentasunen artean jasotzen du Santiago Bidearen Plana, eta horri lotuta, Euskadik 5,5 milioi euro jasoko ditu Santiago Bidearekin lotutako ondarea turismoaren ikuspegitik balioesteko. Hala, Euskaditik igarotzean Santiago Bidearen eskaintza turistikoa hobetzea eta, bide batez, turistaren esperientzia hobetzea dira helburuak.
Goierriko eskualdearen kasuan, jarduerek eragina izango dute hainbat higiezinetan: Igartzako Multzo Monumentalean, Ormaiztegiko Iriarte Erdikoa Etxean eta Segurako Ardixara Etxean. Jarduera hauek burutuko dira: karbono-arrastoa murriztea eta konpentsatzea, aklimatazioa eta klima-aldaketara egokitzea, eta espazioak birgaitzea eta aprobetxatzea, teknologia adimendunekin eta irisgarritasunari lotutakoekin.