Urretxuko EH Bilduk EAJk Aquarberekin hitzarmena luzatuko duela salatu du
Zumarragako Udalak kontratua etetea eta Urretxukoak luzatzea ulergaitza iruditzen zaie. Eredu publikoaren aldeko apustua egiteko eskatu dute. Lanean jarraituko dutela aurreratu dute
Urretxuko EH Bilduk gobernu taldeak (EAJ) udalak Aquarberekin duen kontratua bost urtez luzatzea erabaki duela salatu du.
EH Bildu luzatze horren aurka ageri da. «2020ko urritik hona, udal gobernuari jakinarazi diogu aldaketa sakona egin behar dela Urretxun ur horniduraren eta saneamenduaren zerbitzuaren kudeaketan. Hau da, uraren zerbitzuaren kudeaketa publikoa egin behar dela».
Urretxuarrak, zumarragarrekin batera, Gipuzkoan gehien ordaintzen duten udalerriak direla diote. «Kudeaketa enpresa pribatu baten esku dago. Uraren kostuari esker, enpresaren etekina gordintzen jarraituko du. Harriduraz eta haserrez hartu dugu erabaki hori eta PSE-EEren isiltasunak ere asko harritu gaitu».
Zumarragak, ordea, ez du kontratua luzatuko. «Dagoeneko erabakia hartuta dago. Gure harridura areagotu egiten da Zumarragak Aquarbekin zuen kontratua ez luzatzea erabaki duenean. Beraz, bi udalen arteko elkarrizketa arduragabea izan da. Eta komunikazio ezaren erantzukizuna alde guztiena da, ez dira baloiak kanpora bota behar».
Informazio falta
Udal taldeak ez diela herritarrei ezer jakinarazi salatu dute. «Udal taldeak bozeramaileen azken batzordean jakinarazi zigun bere erabakia, baina gai hori kalean eta agenda publikoan dagoen arren, ez die herritarrei ezer jakinarazi».
EH Bilduk kudeaketa publikoaren alde lanean jarraituko duela aurreratu du. «Ura eta saneamenduaren kudeaketa % 100 izan behar du publikoa, parte-hartzailea eta gardena. Enplegu publikoaren eta gaur egungo langileen lan baldintza duinen alde egin behar dugu. Langileek, dagokien lana ondo egiten dutelako eta lan ezberdinen betebeharren ezagutza tekniko bikaina dutelako, beraiek duten jakinduria aintzat hartuz Zumarragarekin batera udal egitura publiko berri batean sartzea proposatzen dugu».
Hala, dirua herrian geldituko dela diote. «Tarifa egitura, zuzena eta progresiboa izatea nahi dugu. Uraren kudeaketa publikoagatik lortutako diru-sarrerak udalerrian gera daitezela, beharrezko azpiegitura guztiak hobetzeko eta berrinbertitzeko», azaldu dute.
Bukatzeko, Aquarberen kontuak ikuskatzeko eskatu dute. «Aquarbek emandako datuak ez daude ikuskatuta eta ez daude egiaztatuta. Beraz, opakutasuna eta gardentasun eza nabarmenak dira. Fakturak ez dira etxe guztietara iristen, enpresak hala erabakita. Etxe guztietara fakturak iristea eta Aquarberen kontuak behar bezala ikuskatzea eskatzen dugu».