Zahartzaroan gaitasun funtzionalei eusteko erronka, gizarte lehentasun
Goi Osasun Labek ariketa fisiko eta kognitiboen proiektuko emaitzak aurkeztu ditu, eta gaitasun urritzea gerarazi, eta are hobetu da. Zaldibian udal zerbitzu berria jarriko dute
Herritarren batez besteko adina zahartzearen ondorioak nozitzen ari dira jada gizartea. Gipuzkoan, 55 urtetik gorako bizilagunak 268.500 ziren iaz, biztanleria osoaren %36,8. 2031rako, 343.495 izango direla kalkulatzen da. Behar berriak ugaritzeari, irtenbide berriekin aurre egin nahi diete erakundeek. Prebentzioa da errezeta errepikatuena, eta zahartzaro aktiboa izateko bidea eta ohitura zabaltzea botika. Zaldibian, herenegun, bi eredu aurkeztu zituzten.
Batetik, Adinberri foru fundazioak sustatuta Goi Osasun Lab enpresak egin duen urtebeteko proiektuaren emaitzak aurkeztu dituzte. Adinberriko Idoia Sanzek zahartze osasuntsurako foru estrategia azaldu du, eta «Gipuzkoako berrikuntza ahalmena» horretarako jarri dela iragarri.
Goi Osasun Labeko Nerea Amenabarrek, bere aldetik, urtebetean garatu duten proiektuaren Goierriko datu kualitatiboak eta zenbakiak aurkeztu ditu. «Goierrin, gehienek arlo fisikoa landu dute, baina kognitiboa ere bai. Hobekuntza handiena sit&up ariketan (eserita egotetik zutitzea, hanketako indarra hartzeko) nabaritu dira, %7 hobetuta; kognizio arloan, hizkuntzan %5 igo da, eta atentzioan %2».
Gaitasunen ‘kurba’
Zaldibia, Olaberria, Segura, Ataun, Mutiloa eta Beasainek parte hartu dute Goierrin. Grafikoki azaldu du hobekuntza Amenabarrek, gaitasun funtzionalak bizitzako hiru aldietan jasaten duen bilakaera erakutsita: haur-gaztetan gaitasunak irabazi, eta heldu aroan pixkanaka beheratzen hasten dira. Zahartzaroan, kurbak behera egin ohi du, nabarmen.
«Kurba beheratzen hasten da edadearekin. Baina kurba zenbateraino beheratu, norbere esku dago». Goi Osasun Laben lehen fasean parte hartu zuten Ataungo eta Beasaingo partaideen garapen datuak ikusita, beheranzko joera geratzea, eta are goratu eta hobetzea lortu dela ziurtatu dute. «Beraz, helburuak lortu ditu programa honek. Parte hartu duten pertsonek gaitasunetan hobetu egin dute».
Lagunarten Egunon
Bigarren aurkezpena, Zaldibiako Udalak urritik aurrera martxan jarriko duen Lagunartean Egunon zerbitzuarena izan da. Autonomia pertsonala baduten adineko herritarrentzat izango da, baina zaurgarritasuna edo hauskortasun egoera ere badutenentzat: bakarrik bizi direnentzat, hartu-eman sozial askorik ez dutenentzat…
«Jende autonomoa, bizi normala egiten duena, ikusten dugu bat-batean erresidentzia batera doala. Prozesu hori ez da egun batetik bestera pasatzen, eta hori detektatzea da asmoa», aurreratu du Zaldibiako jarduneko alkate Mikel Luloagak. Prebentiboa eta osagarria da beste zerbitzuekin, eta probatzeko dei egin du. «Gaitasun funtzionalen kurba horri goian eutsi behar zaio. Hori da erronka».
Hamar lagunentzat dago tokia printzipioz, eta astelehen, asteazken eta ostiraletan 10:00-12:00 artean elkartuko dira udaletxeko beheko balio anitz gelan. Partaideen beharren eta gustuen arabera zehaztuko dute programa, profesionalek gidatuko dutena. «Juntadizorako aitzakia» emanda, bizi kalitatea tea zahartzaro aktiboa mantentzeko da.